Super Amara BAT taldeak atletismo eskolak emanen ditu aurten Lesakan lehen aldiz. 2026/27 ikasturtea urriaren lehenean hasiko dute eta ekainaren 15ean bukatu. Herriko goiko frontoian izanen dira saioak, astearte eta ostegunetan, 17:00etatik 18:00etara, eta benjamin eta alebinei zuzenduta egonen dira, hau da, 2015 eta 2018 urteen artean jaiotako haurrei. Hala ere, aitzinetik, atletismoa probatzeko eta kirol honek dituen modalitate guztiak ezagutzeko ate irekien saio bat antolatu dute. Irailaren 22an, asteartearekin, goiko frontoian eta 17:30ean, adin horretako haurrentzat irekia izanen den entrenamendu bat eginen dute, ondotik gustuko dutenek ikasturtean zehar izena eman dezaten.
Saio irekian parte hartzeko ez da izenik eman beharko, eta BATetik herriko eta eskualdeko haur guztiak entrenamendura hurbiltzera animatu dituzte “kirola egitera, lagun berriak modu osasuntsu eta dibertigarrian ezagutzera, atletismoaren modalitate guztiak probatuz: abiadura, jauziak, hesiak, jaurtiketak, erresistentzia eta martxa”. Hala ere, dagoeneko kirola ezaguna dutenek eta ikasturtea hasteko izena eman nahi dutenek, aukera dute hurrengo estekan, baita ikastaroaren informazio guztia eskuratzekoa ere: https://mailchi.mp/atletismobat.com/eskola_lesaka.