Euskal Ardi Moztaile Txapelketa ospatuko da larunbatean Elizondon

Paola Oskoz

Iaz Abadiñon ospatu zen lehen aldiz txapelketa, Euskal Ardi Moztaileen Elkartearen eskutik. Bigarren edizio hau berriz, Elizondon ospatuko da irailaren 19an, Euskal Herriko Selekzioarentzat mugarri izan den urtean. Izan ere, zazpi lurraldeak ordezkatzen dituen selekzioak Zeelanda Berriko Munduko Txapelketan parte hartzea lortu zuen pasa den martxoan, baita Munduko Kontseiluko kide izatea ere. Larunbatean Baztanen zortzi herrialdeetako ardi moztaile hoberenak ariko dira lehian eta horrez gain, erakustaldiak eta azoka ere egonen dira. 

Euskal Ardi Moztaile Txapelketa ospatuko da larunbat honetan, irailaren 19an, Elizondon. Iaz Abadiñon egin zen lehen aldiz txapelketa hau, Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak antolatua. Bigarren edizioa Nafarroan, Baztanen, izanen da asmoa baita, urtez urte, leku desberdin batean egitea, Euskal Herriko zazpi lurraldeak zapaldu arte. Aurtengo edizioa gainera, berezia izanen da, kirol honen Euskal Herriko selekzioak mugarri garrantzitsua lortu baitzuen pasa den martxoan. Alde batetik, lehen aldiz Munduko Txapelketan lehiatu zen eta bertzetik, Munduko Kontseiluko parte izatea lortu zuen.

Larunbat honetan, irailaren 19an, Elizondon ospatuko da Euskal Ardi Moztaile Txapelketaren bigarren edizioa. Iaz egin zen Abadiñon lehen aldiz, Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak antolatuta, eta helburu bera izanen du aurtengoan ere, Joseba Attard elkarteko lehendakariak jakinarazi duenez: “Gure helburua da ofizioa eta kirola lau haizeetara zabaltzea. Apustu estrategikoa izan da. Honekin, gero eta jende gehiagok jakin du nortzuk garen edo elkartea bera existitzen dela. Hau guztia sustatzeko lana egiten duen elkartea da eta aukera ematen duena txapelketetan parte hartzeko”. Izan ere, anitzek ez dakite ardi moztaileen ofizioa kirola ere badela. “Estereotipo bat izan daiteke, baserrian gelditzen den edo bertan egitea tokatzen den lana dela ardi moztaileena. Baina bere alde lehiakorra du eta mundu mailan oso garatua dago. Gure helburua da hemen ardi mozketa lehiakorra zer den azaltzea eta Euskal Herrian nola egiten den erakustea, gai baikara horrelako txapelketak antolatzeko eta ongi gainera”, gaineratu du Attardek. 

Momentu berezi batean antolatuko dute txapelketaren bigarren edizioa hau, izan ere, pasa den martxoan ardi moztaileen Euskal Herriko Selekzioak Munduko Txapelketan lehiatzea lortu zuen lehen aldiz, Munduko Kontseiluko kide izatearekin batera. Elkarteko lehendakariak dio “oso garrantzitsuak” direla lorpen horiek beraientzat: “2023an ofizialtasuna eman zigutenean, Euskal Herri osoaren izenean lehiatzeko aukera lortu genuen. Hor sortu genuen elkartea eta Abadiñoko lehen txapelketa antolatu genuen. Aurten, otsailean eta martxoan, Zeelanda Berrian egon ginen, lehen aldiz Munduko Txapelketan parte hartzen. 27 herrialde zeuden eta gu 15. sailkatu ginen. Lorpen handia da. Gainera, Munduko Kontseiluko kide izatea FIFAren parte izatea bezalakoa da gure kirolean. Mugarri historikoa da, beste kiroletan ez delako Euskal Herri osoaren izenean lehiatzen eta guk hori lortu dugu”. 

Zazpi lurraldeak ordezkatzen ditu Euskal Herriko Selekzio honek eta beraz, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ardi moztaileek ere lekua dute bertan. “Euskal Herriko Selekzioak sei plaza eskaintzen ditu, bi makinaz aritzen direnentzat, bi guraizez eta bi artilari moduan.  Mugatua dago eta lehiatzen garenen artean erabakitzen da zein joanen den Munduko Txapelketara. Iaz Abadiñon lehiatu zirenak joan ziren, tartean nafar bat, Josu Ekisoain ibirikuarra. Oxala lurralde bakoitzeko parte hartzaile bat edukitzeko aukera bagenu”, jakinarazi du Attardek. 

Ardi mozketak bi modalitate dituela azpimarratu du lehendakariak, guraizez eta makinaz, eta biak ordezkatuak egonen dira Elizondoko lehiaketan. Hirugarren diziplina bat dagoela ere aipatu du Attardek, baina hau ez dela ofiziala: “Hirugarren diziplinari artilaritza deitzen diogu guk eta artilari bertan ibiltzen denari. Mozten den bitartean, artilea sailkatzean datza. Zoritxarrez, momentuz, hemen ez da artilea saltzen eta beraz, Elizondon erakustaldi bat eginen da soilik. Guraizez eta makinaz lehiatuko dira ardi moztaileak”. Goizeko 8:00etan hasiko da lehiaketa, kanporaketekin lehenik, eta 20:00ak arte luzatu. Nazioarteko erronka bat ere antolatu dutela aipatu du lehendakariak: “Zazpi herrialde gonbidatu ditugu, Euskal Herriarekin batera, nazioarteko erronkan parte hartzeko. Alemania, Eskozia, Espainia, Frantzia, Gales, Ingalaterra, Irlanda eta Euskal Herria ariko dira buruz buru. Artilariek ere erakustaldia eskainiko dute eta gero, 30 ekoizleen azoka egonen da”. Egun borobila antolatu dute beraz, ofizioa eta kirola ezagutzera emateko.

Txapelketan parte hartuko dutenen inguruan galdetuz, lehia estua izanen dela aurreikusi du Joseba Attardek: “Datozen moztaileak oso trebeak dira, batez ere galestarrak edo herrialde anglo-saxoietakoak. Iaz, kategoria irekian makinarekin, Llyr Evans galestarrak irabazi zuen. 14 segundotan mozten du ardiaren ilea. Normalean, 40tan egiten da lana beraz, ikuskizuna da. Hala ere, hemengo ardien ilea mozten dugu eta guk hori egiten badakigu. Agian abantaila izan dezakegu gure ardiekin”. Ikuskizuna bai, baina errespetua ere ardatz izanen dela oroitarazi du lehendakariak, kirolarientzat “ardiaren ongizatea” baita beti “abiapuntua”. 

Ardi moztaileen ofizio eta kirola gazteengana hurbiltzea helburu

Ardi moztaileen ofizioa eta kirola “geroz eta sendoagoa bihurtzen” ari dela onartu du Joseba Attardek, gehien bat elkarteko mugimenduari esker. Hala ere, “gazteengana hurbiltzeko helburua” dute, “belaunaldi erreleboa egon beharko lukeelako” lehendakariaren iritziz. Horrela bada, txapelketara hurbiltzeko deia luzatu die Attardek gazteei, interesa badute “mundu bat zabaltzen ahal zaielako”. “Askotan pentsatzen dugu hau ez dela ogibide duin bat, baina bada. Benetako ogibide bat da, mundua ezagutzeko aukera ematen duena, baita dirua irabaztekoa ere. Oso mundu polita da gainera eta, nahi izanez gero, urtean zehar leku desberdinetan artilea moztea baimentzen dizuna”. Islandia, Italia, Sizilia, Norvegia, Danimarka, Holanda, Frantzia, Hego Afrika, Argentina, Uruguai, Zeelanda Berria edota Australia aipatu ditu Attardek, hau da, “ardiak dauden edozein herrialdeetan ilea mozteko beharra” dagoela, “beraien ongizaterako”. Horrez gain, aipatutako modalitate lehiakorra du ofizioak eta hor ere trebatzeko eta bidaiatzeko aukera dagoela azpimarratu nahi izan du lehendakariak, Euskal Herri osoa ordezkatzen duen Selekzioaren eskutik.