Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak euskararen erabilera indartzeko udako egitasmoen balantzea aurkeztu du. Azken urteetan bezala, bi izan dira uztaila eta abuztuan martxan jarritako programak. Batetik, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako Solas Jolas udaleku irekiak. Eta bestetik, Udagiro izenekoa. Kasu honetan doakoa da, izan ere, beste herrialde edo erkidego batzuetatik etorri berri diren haur eta gazteentzako euskara-errefortzua eskaintzen dute Herri Jakintza euskaltegiarekin lankidetzan.
Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak argitu duenez, «uda ez da eten bat euskararentzat: Solas Jolas euskarari eusteko da eta Udagiro harrera egiteko. Uztailean talde bat gehiago ireki dugu Udagiron, nahiago izan baitugu hori ume bat bera ere kanpoan uztea baino».
Plaza guztiak bete egin dira
Solas Jolasen 552 haurrek parte hartu dute aurten, eta horietatik 41 taldetan banatutako 480 haur uztailean aritu dira Belaskoenea, Dunboa HH, Eguzkitza LH, Eguzkitza BHI, Toki Alai HH eta Txingudi Ikastolan antolatutako elkarguneetan. Abuztuan, aldiz, 7 talde osatu zituzten, eta guztira 72 haurrek hartu dute parte Eguzkitza LH ikastetxean. Zinegotziak azpimarratu du, hezkuntza premia bereziak dituzten 20 haurrek parte hartu dutela parte aurtengo edizioan, 17 uztailean eta 3 abuztuan, eta berariazko hezitzailea izan dutela ondoan.
2027 urteari begira Euskara Zerbitzuak plaza kopuru eskaintza eta izena emateko sistema aztertuko dituela aditzera eman du Iguiñizek. Izan ere, Solas Jolasen eskaera udalak egindako eskaintza baino handiagoa izan da aurtengoan ere. Aurreinskripzio fasean 826 haurrek egin zuten plaza eskaera.
Azkenik, zerbitzuarekin kontent azaldu da Iguiñiz, euskararen erabilera sustatzeaz gain, antolatutako jarduera eta haurren ongizate maila altua izan delakoan. Iritzi hori dute parte-hartzaileen gurasoek. Udalak egindako gogobetetze-mailari buruzko inkestan, jasotako 159 erantzunen batez bestekoa balorazioa 4,57koa izan baita (5 puntutik). Alde horretatik, bi elementu nagusi balioan jarri dituzte gurasoek, Hezten enpresako hezitzaileak (4,61) eta haurren ongizatea (4,55). Antolatutako jarduera eta irteerei dagokienez, 4,47ko balorazioa izan da egindako zortzi txangoetan, eta Donostiako Izar Park izan da onena (4,82). Oraindik ere hobetzeko tartea dagoela aitortu du Euskara zinegotziak, komunikazioan bereziki.
Era berean, Udagiro programari dagokionez, 110 eskaera jaso zituen udalak eta 90 plazak bete egin dira (%80 uztailean eta %20 abuztuan). Argitu dutenez, joan den ikasturtean Irunera iritsi berriak diren beste herrialde edota erkidego autonomoetako 10 eta 17 urte bitarteko haurrei zuzendutako zerbitzua da honakoa. Eta uda honetan parte-hartzaileen %64a DBHko ikasleak izan dira.