Basaizea elkartea, Baztango Gazte Asanblada eta Erratzu Mile Petatzuko gazteak daude Izpegiko Besten gibelean. Besta hauek antolatzen hasi zirenetik lau urte pasatu badira ere, lehenago hainbat ekintza gauzatuak zituzten elkarrekin. Hala ere, bi herri hauen arteko loturak berregiteko ezinbertzeko baldintza Izpegiko Bestak izan direla adierazi digu Fagoagak.
Izan ere, erratzuarrak aitortu digunez, bere belaunaldian «ez da harremanik eman» bi herrien artean. Hortaz gain, belaunaldi zaharragoekin alderatu du egoera, eta azpimarratu du etxean berearekiko desberdina den bertze bertsio bat jaso duela:
«etxean, bai nire aitak baita nire izebak ere kontatzen dute baigorrikoekin nahiko harreman estua izan zutela; guk adibidez, hori ez dugu bizi izan».
Honek eragin zuzenak dituela ondorioztatu digu Anek, adibidez, errezago egiten zaiela harremantzea urrun dagoen Hego Euskal Herriko jendearekin eta ez ondoan dagoen Baigorri moduko herriko biztanleekin. «Modu inkonszientean» bizi izan dituzten «muga psikologiko eta fisiko» hauen aitzinean, bereizketa hau lausotzeko beharretik sortu ziren Izpegiko Bestak.
Dena den egitasmoaren helburua betea dela erraten ahal da. Fagoagak aitortu duenaren arabera, besten antolakuntzak bi herrikideen arteko harremanak estutu dituelako: «honetatik ateratzen duten gauza politena da Baigorri eta Basaizeakoekin egindako harremana. Loturak sendotzeko balio izan du. Eta egiatan lagunak egiteko. Antolakuntzatik kanpo jarraitu dugu planak egiten» .
Laugarrenez, egitarau biribila
«Horrelako bestak antolatzea ez da erreza», onartu digu Ane Fagoagak. Lehen urtea «tentsio eta lan handiko edizio bat» izan zela oroitarazi digu, baina, urteen poderioz, dinamikak erraztu direla. «Geroz eta errezagoa da antolakuntza, beraz, gehiago gozatzen dugu».
Egitarau biribila aurkeztu dute aurtengoan ere, antolakuntza indartsu eta oparo baten adierazle.
19:30. Bertsosaio musikatua Bereko Bentan.
Bertsolariak:
- Haira Aizpurua
- Malen Alzuart
- Alazne Untxalo
Musikariak:
- Kattalin Arizmendi
- Ane Fagoaga
- Lizar Elexpuru
Gai jartzailea:
- Xalbat Alzugarai
Saioaren ondotik pintxoak izanen dira.
Irailak 19 larunbata
- 08:30. Mendi martxa Baigorritik
- 11:00. Bizkikleta igoera Baigorriko elizako plazatik eta Erratzuko plazatik
- 11:15. Zapotxin pailazoa
- 12:00. Zintzur bustitzea Baigorriko eta Erratzuko gaiteroekin
- 13:30. Ekitaldia
- 14:00. Bazkari herrikoi alaitua
- 17:30. Hiru bentetatik poteo alaitua.
- 20:30. Tukukarrakak batukada karpan
- 21:00. Afari eskaintza: Baigorriko ikastolak antolaturik
- 22:00. Odei, Saregekasko, DJ Uzkuluz