Zinemaldia

Ekaitz Bertiz: «Zinemaldian egoteak soilik izena ematen dizu eta ederra da hemen egotea»

Aimar Lopez

Industria gisa ezagutzen den topaketa erraldoia hartzen du Zinemaldiak: 4.000 profesional baina gehiago gurutzatzen dira, egindako filmak banatu nahian, labur bat luze egin nahian edo ideia bat ikus-entzunezko bilakatzeko gogoz. Horietako bat da Ekaitz Bertiz zinemagile sunbildarra. Joare Tte film laburra aurkeztu berri du Kimuak sailean, joaldun bilakatu nahi duen neska gazte iturendar baten istorioa.

Bosgarren eguna du Donostiako Zinemaldiak, eta ehun film baina gehiago aurkeztu dituzte jadanik. Tapiz gorrian ibili dira Orlando Bloom, Penelope Cruz edo Brad Pitt, eta bi Donostia sariak banatu dituzte. Hori guztia Zinemaldia bada, oraindik existitzen ez diren filmak egingarri bilakatzen den lekua ere bada.

Donostiako Zinemaldiko filmek 180.000 ikusle inguru izaten badituzte, publikoarentzat hain ezaguna ez den B alde bat ere badu zortzi egunetan zehar. Industria izenez ezaguna den alde horretan, mundu osoko zuzendariak, ekoizleak, banatzaileak, aktoreak, eta orohar zinearen industria osatzen duten profesionalak elkartzen dira. Bilkura formaletan batzuetan, kafe, pote edo otordu baten inguruan bertzetan, baita besta pribatuetan ere, milioika euro dira kontratu edo promesetan hitzartzen Donostian. 2.000 akreditatu inguru dira industriakoak, eta horiei aurkezten diren filmen lantaldeetako bertze hainbertze gehitu behar zaizkie. Ekaitz Bertiz zinegile nafarra Joare Tte film laburra aurkezten ari da Zinemaldian, eta film laburrak publikoari erakusteko plaza onena ez bada, "bileratxo" dezente izaten direla kontatu digu.

Bosgarren film laburra du Bertizek Joare Tte, eta ohikoa den bezala, horietako batzuk luzeago garatu nahi lituzke, film oso edo telesail moduan. Iaz aurkeztu zuen Erreka zoko hortan filmaren kasua da, eta Zinemaldia baliatzen ari da. Izan ere, aurten aurkezten ari den film laburra 40 bat laguneko lan-taldearekin egin du zuzendariak, eta aitortu digunez, horrek dakarren "karga mentala" eta "lan karga" ikusirik, film luze bat egitea irisgarriago sentitzen du orain.

Aurten Donostiara Kimuak euskarazko film laburren katalogoaren bidez etorri da Bertiz. Ekaitz Bertizena bezala, bertze sei zuzendariren euskarazko film laburrak erakutsi dizkiete industriako profesionalei. Publikoak berriz, Nest sailaren baitan zinema ikasleek zuzendutako hamabost labur ditu ikusgai. 

Bertako istorio unibertsalak

Joare Tte filmak joaldun bilakatu nahi duen neska gazte iturendar baten istorioa kontatzen du, lurra ernatzeko grinaz dena. Mendaurren magalean, Iturengo joaldun beterano batek erakutsiko dio bidea, joareak paratu eta neguari bizkarra emateraino. Ekaitz Bertizentzat potentziala du joaldunaren figurak fikzioan, nehoiz ez baita erabilia izan, eta bogan baita gaur egun.