Irailaren 26an Dantza Eguna ospatuko da lehenengoz Beran

Lizar Elexpuru

Gure Txokoa Dantza Taldeak Berako dantzaren maitaleentzat egitarau berezia antolatu du asteburura begira. Herriko dantza taldean ikasle, irakasle, laguntzaile edo musikari aritu direnak batuko ditu ekitaldiak: «egun hau beraiekin partekatzeko aprobetxatu» nahi dutela adierazi digu Eider Molinero antolatzaileak. 

Urte osoan zehar lanean aritzen da Berako Gure Txokoa Dantza Taldea. Dantzari Txiki eguna, Inude eta Artzaiak, Berako Bestetako jaialdia eta bertze hainbertze ekitaldi dira urtero errepikatzen diren ohiko hitzorduak. Hala ere, berrikuntza batekin hasiko dute aurtengo ikasturtea, Berako Dantza Eguna antolatu dute irailaren 26 honetarako. 

Eider Molinero gazte beratarrak urteak daramatza Gure Txokoako barne antolakuntzan eta ideia berri honen zergatiak eskaini dizkigu. Dantza erdigunean jarriko duen eguna izanen da, eta dantzaren maitaleak diren herritarrak elkartzeko aukera eskainiko dute. 

 «Pentsatu genuen ongi egonen zela egun zehatz bat aukeratzea dantzarien eguna ospatzeko, guretzat egun bat ospatzeko»

Belaunaldi desberdinak elkartu nahi dituzte egun honetan, eskerrak emateko modua baliatuz. Gaur egun Gure Txokoa Dantza Taldea osatzen duen jendeak parte hartzeko aukera izanen du, dena den, ez dute parte hartzea mugatu nahi izan, eta «dantzari ohiak izan direnei, familia edo lagunei eta musikariei» ere gonbita luzatu diete. Molineroren hitzetan, «beratarrentzako eguna izanen da» ospakizuna.

Lehenengoz ospatuko den egun honetarako egitarau biribila prestatu dute:

Goiza, udaletxean

  • 11:30. Dantzari ohien emanaldia
  • 12:30. Muxikoak

Arratsaldea, Toki-Onako estalpean

  • 14:00. Bazkaria + bingo musikiatua
  • 18:00 - 20:00. Baratxuri Beltzak erromeria
  • 21:00 - 23:00. SKAPAIE elektrotxaranga

Iluntzean… kataku hanburgesak

Jende andana aurreikusi dute ospakizunerako. 160 lagun elkartuko dira bazkaltzeko. Jai giroa eta besta gogoa nagusituko dira, izan ere, bazkalostean bingo musikatua eta jolasak eginen baitira. Txikienek ere zer gozatua izanen dute, marrazkiak egiteko tartearekin. Eguna era ezin hobean bukatzeko eta dantzak etenaldirik izan ez dezan, Baratxuri Beltzak erromeria eta SKAPAIE elektrotxarangak girotuko du arratsa.