Mugaz gaindiko enplegu azoka antolatu dute Ficoban urriaren 22an

Antxeta Irratia

Iazko mugaz gaindiko enplegu azokan arrakasta lortu ondorenm urriaren 22an enpresen eta enplegua bilatzen duten pertsonen arteko harremanak erraztuko duen hirugarren edizioa antolatu du Bidasoa Bizirik garapen agentziak. Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa elkartzen dituen Euroeskualdeak bultzatuta, mugaz gaindiko enplegu mugikortasuna sustatzeko helburua du. LANEAN ekimenaren bigarren edizioak 51 enpresa bildu zituen, eta guztira 508 lanpostu hutsei zegozkien 161 lan-eskaintza aurkeztu zituzten.

Irungo Ficoba erakustazokan urriaren 22an ospatuko den LANEAN Mugaz Gaindiko Enplegu Azokaren III. ediziorako, dagoeneko 40 enpresa baino gehiago daude baieztatuta. Aurreko bietan mugaz gaindiko enplegua bilatzen duten herritarrak eta langile perfil ezberdinen beharra duten Bidasoaz bi aldeetako enpresak daudela egiaztatu dute. Nuria Alzagak, Bidasoa Bizirik-eko presidenteak nabarmendu du, «enpresak eta aukera profesional berriak bilatzen dituzten pertsonak zuzenean hurbilduko dituzten guneak sortzeko benetako beharra» dagoela erakutsi du LANEANek. 

Izan ere, LANEAN ekimenaren azken edizioak 51 enpresa bildu zituen, eta guztira 508 lanpostu hutsei zegozkien 161 lan-eskaintza aurkeztu zituzten. Emaitza horiek lehen edizioko datuak hobetu zituzten, aurreneko edizioan 48 enpresak parte hartu baitzuten eta 182 eskaintza aurkeztu ziren ia 400 lanpostutarako.

Mugaz Gaindiko Enplegu Azokak enpresen eta enplegu-bilaketa aktiboan dauden pertsonen arteko zuzeneko topaketa erraztea eta mugaren bi aldeetako lan-aukerak sustatzen jarraitzea du helburu. Eta POCTEFA LANEAN mugaz gaindiko proiektuaren barruan kokatuta dagoela, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak gidatutako proiektu honetan, eta Bidasoa Bizirik erakundearekin batera, Lanbide, Gipuzkoako Foru Aldundia, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua, France Travail, Pole emploi eta Mission locale erakundeek ere parte hartzen dute. 

Azokari esker, bertaratzen diren pertsonek hainbat lan-aukera ezagutu ahal izango dituzte gune berean, eta parte hartzen duten enpresekin harreman zuzena ezarri. Izan enplegua bilatzen duten pertsonak, izan lan-egoera hobetu nahi dutenak edo ibilbide profesionala berbideratu nahi dutela. 

Alde horretatik, sektore desberdinetako enpresak bertan egoteaz gain, LANEANek enplegua bilatzeko prozesuan laguntzen duten baliabideak eskaini nahi dizkie parte-hartzaileei, baita lan-merkatuari eta mugaz gaindiko lurraldean dauden aukera profesionalei buruzko informazioa eman ere. Hortaz, azoka lan-mugikortasuna sustatzeko eta benetako mugaz gaindiko enplegu-arro baten eraikuntzan aurrera egiteko aukera bat dela azpimarratu dute antolatzaileek. Estitxu Urtizbereak, Bidasoa Bizirik-eko presidenteordeak argitu duenez, «mugak ez du oztopo izan behar enplegua edo talentua bilatzeko garaian». Bere ustez, «LANEAN bezalako ekimenen bidez, lan-mugikortasuna erraztu daiteke».