Herri lanak eta lurralde antolaketa biltzen ditu Lurralde Kohesiorako Batzordeak. Batzordeko kide diren Mikel Zabaleta (EH Bildu), Miguel Garrido (Contigo/Zurekin), Pablo Azcona (Geroa Bai), Maite Esporrín (PSOE) eta Mario Fabo (UPN) ongietorriak izan ziren Aitor Elexpuru alkatearen partetik. Esteban Agirre zinegotziak zuzendu zuen bisita eta Berako Udala osatzen duten bertze hainbat kide ere bertaratu ziren. Mugikortasun sistema berria baldintzatzen duten hiru zeharbideak izan ziren parlamentariek egin zituzten geldialdiak, eta guztiak batzen dituen kokapen estrategikoan hasi zen ibilaldia.
Trafiko sostengaezina
Bera nazioarteko ibilbide ugarik zeharkatzen dute. Agirreren erranetan errealitate honek «trafiko guztia baldintzatzen du». Horrela, errealitate honen eraldaketa dago obra ororen muinean. Finean, nazioarteko ibilbideek eragiten duten trafiko pisutsua herritik ateratzea da premiazko helburua.
Ikerketa historiko bat gauzatu zuten Berako zeharbide guztietan. Emaitza argi bat utziz, urteetan zehar hazi egin den trafikoa «sostengaezina den egoera» batean dagoela. NA-121 errepidea 11.000 autok zeharkatzen dute, eta Berako NA-1310 zeharbidea, batez beste, 3.600 autok. Datu horiek, «kezkagarriak» dira beratarren mugikortasun baldintza eta segurtasunarentzat.

Altzate karrikaren zaharberritze integrala
2025eko urrian hasi zuten Altzate karrikaren berriztatze lan integrala. Bere fruituak eman ditu jada, eta hilabete honetan bertan obrak amaitutzat emanen dituzte. Esteban Agirre zinegotziak bilan orokor bat eskaini zigun zaharberritze honen inguruan:
«Obra hori argi dago behar-beharrezkoa zela eta larria zela. Azpiegiturak jada lehertuak zeuden, eta arazo larriak sortzen ari ziren. Puntu batzuetan galtzada erortzear zegoen. Bagenekien zaila izanen zela, Altzate herriko karrika nagusia delako. Gogorra izan da, baina ongi geldituko da. Dena goitik behera berritzea lortu da. Urbanistikoki espaloien falta izugarria zen, eta horien irisgarritasuna lortu da. Gaur edozein pasatzen ahal da espaloitik, benetan badago ibiltzeko modu bat eta hori da herritarrak behar duena».
Berako erdigunetik 3240 ibilgailu saihestuko lituzkeen irtenbidea
Lehen fasea
Eztegara pasealekuaren eta Matzada kalearen arteko hiri-loturak gauzatuko dituzten obrak hasiak dira jada. 2023an egin behar zen lan hau, baina arazo teknikoak izan ziren Estatuaren aurrekontuetan obra finantzatzeko onartu zen partida ekonomikoa bermatzeko; horrela, aukera hori galdu zen. Dena den, proiektuak lehen urratsak egin ditu azkenik, Nafarroako Gobernuaren (300.000 euroko dirulaguntza izenduna) eta Udalaren finantzaketarekin.
Lanak 2025eko abenduan hasi ziren, eta 2026ko irailerako bukatu behar ziren. Zoritxarrez, zubiaren idazketa-proiektuan detektatu ez ziren zailtasun teknikoak agertu ziren, lurpeko baldintzengatik. Ondorioz, ezinezkoa da gainazaleko zimendatzearekin zubiaren egitura segurtatzea eta, ondorioz, mikroplote bidezko zimendatze sakona egin behar da, egituraren segurtasuna bermatzeko.
Zimenduei buruzko beste azterlan bat egin behar izan dute. Horren ondorioz, obrak atzerapen nabarmena izan du. Obren amaiera 2027ko ekainean aurreikusi dute eta obraren kostua handitu egin da, Udalak ia osorik bere gain hartu beharko baitu.
Lehen fase honen ondorioak nabariak izanen dira. Izan ere, biztanleriaren ekialdeko zatitik (Eztegara pasealekua), Matzada, Ilekueta eta Suspela landa-auzora doan trafikoa xurgatzea lortuko baita. Gainera, zeharbide honek Ibardin eta Lizuniagarako trafiko guztia hartuko du. Horrela, norabide hartako auzoetarako sarbide azkar eta eraginkorra lortzen da, eta 700 eta 800 ibilgailu artean murriztuko da trafikoa.

Bigarren fasea
Hala eta guztiz ere, Ibardinera eta, batez ere, Lizuniagara doan trafiko gehienak Altzateko zeharbidea zeharkatzen jarraituko du, egunero ia 3.600 ibilgailuko batez besteko fluxuarekin. Kontuan izanik zeharbidea norabide bakarrekoa izanen dela, semaforoak erregulatzen dituen 160 metrotik gorako tartean, trafiko handiak auto-ilara luzeak eraginen ditu bi muturretan, eta horrek izugarri motelduko du herritik igarotzeko denbora. Egoera horrek eragina izanen du segurtasuenan eta bizikidetzan, konponbiderik gabeko denboran luzatzen bada.
Horrela, Berako Udalak dosier baten bidez adierazi du, herria zeharkatzen duen trafiko handiak Altzate eta Ilekueta auzoetan sortuko dituen arazo nabarmenak saihesteko benetako irtenbide bakarra, SICEren fluxuen txostenak deskribatzen duen bezala, Lizuniaga/Sara/Dantxarinea aldera doazen ia 2600 ibilgailuak herriko kaleetatik guztiz ateratzea dela.
Gauzak horrela, Nafarroako Gobernua saihesbidearen bigarren fasearen proiektua idazteko momentuan dago, eta datozen asteetan amaituta egotea espero da.
Bigarren fase horrek Matzada kalea eta Lizuniagara doan errepidea lotuko lituzke. NA-1310 eta NA-4410 errepideen arteko saihesbidearen bi fase horiek gauzatzeak ekialdera doan trafiko guztia Altzate kaletik igarotzea saihestuko du, baita Lizuniaga/Saratik Frantziara doana ere. Saihesbide horrek eguneko 3240 ibilgailu baino gehiago aterako lituzke herrigunetik, eta Ibardindik edo Altzateko herrigunetik Frantziara doazen 1000 ibilgailura murriztuko litzateke trafikoa. Horrela, hirigune horretako trafikoa %76 baino gehiago murriztuko litzateke, eta ondorioz, ibilgailuen joan-etorria jasangarriagoa izanen litzateke.
Ondorio nagusiak
Brako Udalak eratu duen Dosierrak NA-1310 eta NA-4410 errepideen arteko hiri-loturaren bi faseak erabat gauzatzeko «premia larria» planteatzen du, herriko kaleetatik egunero batez beste 4300 ibilgailu igarotzeak dakarren trafiko-arazo handiaren benetako irtenbide bakar gisa.
Bi fase horiek osatzeak Nafarroako Gobernuarekin batera NA-1310 zeharbidea aldatzeko aukerari ekitea ahalbidetuko du. Zeharbide hori kanpoko bide batetik igaro daiteke, eremu historikotik kanpo, nazioarteko zeharbide baterako trazadura egokiarekin.