Arte eszenikoen proposamen berriek hartuko dituzte Elizondoko kaleak

Paola Oskoz

Urriaren 16tik 18ra LEB Intensif festibala ospatuko da Elizondon. Zirkua, dantza, musika, antzerkia, bideo mapping-a, poesia, performance-a edota mahai inguruak eginen dira hiru egunez, landa eremuak eta abangoardiak bat egiten ahal dutela erakusteko asmoz. Horretarako, zenbait artistek bertako bizilagunekin lan eginen dute, lengoaia berriak lantzeko espazio berriak irekiz. 

Lengoaia Eszeniko Berriak (LEB) ekimenak LEB Intensif festibalaren edizio berri bat antolatuko du Elizondon heldu den urriaren 16tik 18ra. Zirkua, dantza, musika, antzerkia, bideo mapping-a, poesia, performance-ak edota mahai inguruak eginen dira hiru egunez helburu garbiarekin: tokiko errotzean, publikoen bitartekaritzan, irisgarritasunean eta euskaran sakontzea. Izan ere, festibalaren nahia landa eremuak eta abangoardiak bat egitea da, bertakoei adierazpen berrietara atera irekiz eta tresnak emanez horietan murgiltzeko. 

Iaz egin zen lehen aldiz Elizondon LEB Intensif festibalaren edizio bat eta izan zuen arrakasta ikusita aurten ere antolatzea erabaki dute ekimeneko arduradunek. Asier Andueza festibalaren zuzendariak aitortu du “oso esperientzia ona izan” zela iazkoa. “Lehen edizioa Agoitzen egin genuen 2023an eta 2025ean Elizondon egin zen bigarrena. Oso giro ona egon zen bertan, herriari tempoa aldatu zitzaion eta oso arrasto polita utzi zuten bertakoengan. Jendeak harrera ona egin zion jaialdiari, jakin-mina sortu genien, gerturatu ziren eta oso zapore onarekin gelditu ziren”, gaineratu du. Horrela bada, hurrengo lau edizioak ere Baztango herri honetan egitea adostu dute, tartean Doneztebera ere zabalduz, 2027ko lehen seihilekoan Malerrekan bertze ekimen batzuk egitea pentsatu baitute. 

Hori baino lehen ordea, aurtengo edizioa ospatzeko prest daude antolatzaileak. Anduezak jakinarazi duenez, “hiru egunez kaleak beteko ditugu. Arte eszenikoen inguruko ekintzak egingo ditugu eta landa eremura ekarriko dugu hori, hemen ere gerta dadin”. Izan ere, landa eremuak eta abangoardiak bat egitea da jaialdiaren helburuetako bat: “Zenbait gauza hirietan bakarrik gertatzen direla ematen du. Edizio honekin landa eremuan ere gauzak gertatzen direla erakutsi nahi dugu; eta ez soilik gauzak ekartzen, baizik eta hemen ere gauzak sortzen. Hazi nahi dugu, baina barrenera”. Horretarako, bertako talde kultural eta sozialekin lan eginen duten zenbait artista izanen dira festibalaren barrenean. “Lucia Mirandak eta Rakel Camachok bertako jendearekin pieza batzuk sortuko dituzte. Mirandak kutsu soziala duen lan bat sortuko du zahar etxeko eta Benito Menniko egoiliarrekin. Camacho berriz, abesbatzarekin eta musika bandarekin elkartuko da. Esperientzia interesgarria izango da guztientzat”, dio Anduezak. Honez gain, Elizondo Lanbide Eskolarekin ere lanean ari dira, Hatsa antzerki taldearekin batera, eskultura batzuk sortuz herrian ikusgai egonen direnak gero. Ideia “aukerak irekitzea” baita, ikasleek ikus dezaten “industriara ez ezik, arte arlora ere mundu bat irekitzen zaiela”. 

Ekimen honekin baztandarrek jaialdia “propio” sentitzea nahi dute eta lantzen diren proposamenak bertan “fertilizatzea”. “Lengoaiak ezagutzeak aukerak ekartzen ditu eta jaialdia oso aukera aproposa da horretarako. Guk hona iritsi nahi dugu, gelditu, landu eta hemendik sortu. Horretan sinesten dugu benetan. Hemen gertatzen ez diren gauzak ekarriko ditugu, baina ez ikusteko bakarrik, baizik eta pentsatzeko. Helburua da elkarrekin pentsatzea, adostea eta, modu horizontalean, ezagutzak partekatzea”, adierazi du zuzendariak. Modu horretan beraz, ariko dira lanean hiru egunez, baita aitzineko egunetan ere. Jaialdia urriaren 16an hasiko bada ere, urriaren 13an Nafarroako arte eszenikoetako Batxilergoko bigarren mailako ikasleekin bertze ekimen berezi bat eginen baitute Elizondon ere. “100 bat ikasle elkartuko ditugu eta taldeetan nahasi. Profesionalekin lanean egonen dira, tailer batzuk egiten, eta oinarri sendoak sortzen gerorako”. 

Honen ondotik, eginen dute festibalaren aurkezpen ofiziala, Elizondon bertan urriaren 13an, arratsaldez. Hau bukatuta jaialdia hasiko da eta bigarren urtez herriko kaleak proposamen ezberdinez beteko dituzte publikoaren gozamenerako. Hemen egitarau osoa: