Burujabetzaren eta demokrazia komunalaren topaketak antolatu dituzte Hernanin

Aitor Errazkin

Venezuelako herri-boterea eta demokrazia komunala izango dituzte hizpide asteazken honetan Donostian. «¡Comuna o nada!» izenburupean, Venezuelako prozesu komunalaren erronkak aztertuko dituzte. Hitzaldia Euskal Herrian burujabetzaren eta demokrazia komunalaren inguruan egiten ari diren hausnarketen testuinguruan kokatzen da. Izan ere, urriaren 15etik 17ra topaketak egingo dituzte Hernanin, tokiko eta nazioarteko esperientziak partekatzeko. Iker Eizagirre, Hiritik At kooperatibako kideak topaketa hauen inguruko xehetasunak azaldu dizkigu

Venezuelako demokrazia komunala eta herri-boterearen eraikuntza izango dituzte hizpide asteazken honetan, urriaren 14an, Donostian egingo duten hitzaldian. «¡Comuna o nada! Retos del poder popular en tiempos de agresión imperialista» izenburupean, Venezuelako prozesu komunalaren erronkei buruz hausnartuko dute, eraso inperialisten testuinguruan herri-antolakuntzak eta komunitateen parte-hartzeak duten garrantzia azpimarratuz.
Hitzaldian hiru hizlarik hartuko dute parte: Vanessa Perezek, Comuna Cinco Fortalezas-eko eta Union Comunerako kideak; Carlos Teranek, Colectivo Argelia Laya eta Union Comunerako ordezkariak; eta Juan Lenzok, Union Comunerako kideak. Beren esperientzien bidez, antolakuntza komunala eta herri-boterea eraikitzeko prozesuak izango dituzte aztergai.


Donostiako hitzaldia burujabetzari eta demokrazia komunalari buruzko eztabaida Euskal Herrian indartzeko beste hitzordu batekin lotuko da: urriaren 15etik 17ra, topaketak egingo dituzte Hernanin, Gipuzkoan. Hiru eguneko egitarauan Euskal Herriko zein nazioarteko esperientziak bilduko dituzte, herri-antolakuntza, burujabetza eta eraldaketa sozialerako estrategiak partekatzeko.
Hernaniko topaketetan, Italiako, Frantziako, Argentinako, Venezuelako, Kolonbiako eta Kubako ordezkariek hartuko dute parte, besteak beste. Eskuindar muturrari aurre egiteko antolakuntza-ereduak, ikuspegi sektorialak eta ikuspegi integralak aztertuko dituzte. Halaber, Hernani Burujabe proiektua ezagutzeko aukera izango dute nazioarteko ordezkariek, eta Tokiko Gida Eraldatzailearen zirriborroa lantzeko tailerra ere egingo dute.
Bi hitzorduek herri-antolakuntzaren eta komunitateen parte-hartzearen garrantzia jarriko dute mahai gainean, tokiko esperientziak eta nazioarteko prozesuak elkarrizketan jarriz.
Donostiako hitzaldia arratsaldeko 19:00etan izango da, Egia auzoko Teila Fabrikan (Iruresolo plaza, 2). Elkartasun Keinua Venezuelari elkarteak antolatu du ekitaldia, Venezuelako herriarekiko elkartasuna adierazteko eta demokrazia komunalaren inguruko eztabaida Euskal Herrira ekartzeko