Adinekoen ongizatea bermatzeko helburuarekin bertso saioak antolatu ditu Euskarabideak zenbait egoitzetan

Paola Oskoz

Euskarabideak iaz antolatu zuen lehen aldiz adinekoei zuzendutako bertso programa. Adinekoen egoitzetan, eguneko zentroetan edota elkarteetan sei bertso saio egin zituzten eta balorazio positiboak bilduta, aurten bigarren edizioa martxan dute dagoeneko. Urriaren 2an egin zuten lehen saioa Beran eta ondotik, Lekunberrin, Altsasun, Betelun, Iruñean, Lesakan eta Elizondon eginen dira. Saioen helburua adinekoen ongizatea bermatzea da, euskal kulturaren transmisioaren bitartez, memoria landu eta komunitatea sortzeko.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak bigarren aldiz jarri du martxan bertsolaritza programa. Honen baitan, Nafarroako zahar etxeetan, eguneko egoitzetan edota elkarteetan dauden adinekoei zuzendutako zazpi bertso saio antolatu dituzte, Lanku Bertso Zerbitzuak erakundearen laguntzarekin. Programa honen helburua adineko pertsonei euskarazko jarduera ludikoa eskaintzea da, bertsoek eragiten duten onura psiko-emozionala baliatuz. Hilabete honetan eman diote hasiera programaren bigarren edizioari eta dagoeneko Beran, Lekunberrin, Altsasun eta Betelun egin dira bertso saioak. Azaroan berriz, Iruñean, Lesakan eta Elizondon izanen dira. 

Iaz antolatu zuen lehen aldiz Euskarabideak-Euskararen Nafar Insititutuak zahar etxeetan, eguneko egoitzetan edo elkarteetan abian jarri zen bertso programa. Jabier Aramaka Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak kontatu duenez, “Gipuzkoako eta Bizkaiako Diputazioekin egon ginen hizketan, baita Lankurekin ere, eta bertan zenbait urte daramatzate antzeko programa bat garatzen. Oso interesgarria iruditu zitzaigun eta Nafarroara ekartzea pentsatu genuen. Eskualde batzuetan euskaldun kopuru gutxi dago, baina beste leku batzuetan ez eta programa hara eraman behar zela ikusi genuen”. Lehen aldiz programa martxan jartzea “erraza” izan zela ere aitortu du. 

Adinekoei zuzendutako sei bertso saio egin ziren orduan eta balorazio hagitz positiboa egin zuten lehen edizioa bukatuta: “Beti dago zer hobetzeko eta guretzat oso garrantzitsua da eragile guztien balorazio jasotzea. Honen bidez ikusi genuen adinekoen osasun psikologikoari eusten zaiola bertso saioen bidez. Ikuspegi kognitibo-afektiboa lantzen dute bertsoek, baita memoria eta emozioak ere, eta polita izan zen ikustea zentro gehienetan errepikatzen zela balorazio positibo hori”. Horrez gain, “adinekoak protagonista izatea” bereziki ongi baloratu den alderdia da, izan ere, programa honen helburuetako bat hori da, adineko pertsonak “subjektu aktibo izatea”. 

Lehena eginda, bigarrena ere martxan da dagoeneko, helburu berarekin, “zahartzaro duina bermatzea”. Izan ere, “geroz eta gehiago hitz egiten da kalitatezko zahartzaroaz. Tristura iraunkorra existitzen da adineko pertsonen artean eta egoera psiko-afektibo horiek irauli nahi ditugu. Horretarako, harreman humanoak dira onenak, komunitatea sortzea alegia. Bakardadearen kontra borrokatzeko prest gaude eta eragile guztiak eta instituzio publikook hori egon behar gara”, aipatu du Arakamak. Bertso saio honen bitartez, hori da lortu duten garaipenetako bat, bertsoen bitartez harremanak sustatzea, egoiliarren eta bertsolarien artean elkartruke bat egotea bilatzen baitute: “Aurretik lanketa bat egiten da egoiliarrekin, zer eginen den azaltzeko eta ikusteko ea proposamenik daukaten edo gairen bat ekarri nahi duten bertso saiora”. 

Memoria lantzea da programa honen bertze helburuetako bat eta beraz, bertsolarien egoiliarren “gazteetako kantak ekartzea” eskatzen zaie, beraiek ere parte har dezaten eta antolatzaileek nahi duten rol aktibo hori eduki dezaten saioan zehar. “Doinu zaharrak konpartitzen dira, baita letrak ere, eta denen artean osatzen dituzte. Helburua ez da  kanpotik etorri eta kantatu soilik, baizik eta denen artean osatzea saioa eta komunitatea egitea”, dio Arakamak. Gainera, euskal kulturaren transmisiorako programa hau baliagarria dela aitortu du Euskarabideako zuzendariak: “Parte hartzaileen artean, egoiliarrak daude, baina baita langileak edo senideak ere. Komunitatea egitea da helburuetako bat eta horrek euskal kulturaren transmisioan eragitea. Guztiak ez dira euskaldunak izaten eta beraiei gure kultura erakutsi nahi diegu, gure ohiturak, hizkuntza, edota baloreak”. 

Ildo beretik, zentro bakoitzera joanen diren bertsolariak ere mimoz aukeratzen dituzte: “Aniztasuna lantzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Binaka joan daitezen saiatzen gara eta gizonezko bat eta emakumezko bat izatea. Ahal dela, adineko bat eta gazte bat izatea ere bilatzen dugu, keinu interesgarriak ekarri ditzakelako horrek. Gainera, eskualdekoak edo herrikoak izatea hobesten da, euskalkian egin dezaten eta kultura konpartitua izan dezaten, baita eduki dezaketen harremanengatik ere”. Ez badute beti lortzen ere, hori bermatzen saiatzen direla azpimarratu du Arakamak.

Urriaren 2an hasi zuten bertso programa honen bigarren edizioa Berako San Jose zahar etxean, Ekhiñe Zapiain eta Julen Zelaietarekin. Horren ondotik, Lekunberriko Larraun eguneko zentroan, Altsasuko Aita barandiaran egoitzan eta Beteluko Amma egoitzan egindakoak etorri dira eta oraindik, Iruñean, Lesakan eta Elizondon egitekoak dituzte bertze hiru saio. Azken bi hauetan, Alazne Untxalo eta Bittor Elizagoien ariko dira kantuan. Lesakan azaroaren 16an ospatuko da bertso saioa, 17:30ean, eta Elizondon berriz, azaroaren 18an, 17:00etan. Lehen edizioko balorazio positiboa errepikatzen bada, etorkizunean “programarekin segitzea” da Euskarabidearen asmoa. Dagoeneko bertze lurraldeetako saioetan bildutako ideiak apuntatu dituzte eta Nafarroan txertatzeko ahalegina eginen dute, beti adinekoen bizi kalitatea hobetzeko helburua begiz jota edukita.