Lesakarrak plazan elkartu dira ikastetxeetan eta frontoian izandako kalteak salatzeko

Antxeta Irratia

Herriko ikastetxeetako patioak behin baino gehiagotan zikinkeriaz bete dituzte azken asteetan eta kanpoko materiala hondatua agertu da. Egoeraren aurrean espazio horiek ixtea erabaki dute egoerak etenik ez duela ikusita. Lesakako Udalak elkarretaratzera deitu zituen atzo herritarrak, kaltetuen artean dauden Magala Haur Eskola, Irain Herri Eskola, Tantirumairu Ikastola eta Beti Gazte elkartearekin batera. 

Azken aste luzeetan Lesakako ikastetxeetako patioak behin eta berriz zikinkeriaz beteak agertu direla salatu zuen joan den astean Lesakako Udalak, herritarrekin partekatu zuen bideo batean. Kanpoko materiala hondatua agertu dela jakinarazi du, Magala haur eskolako, Irain Herri Eskolako eta Tantirumairu Ikastolako patioetan. Horrez gain, azken asteburuan, Beti Gazteren Sokatira Taldeak erabiltzen duen lokalean ere kalteak izan direla ohartarazi du.

Egoerak etenik ez duela ikusita, Udala Lesakako hiru ikastetxeetako eta Beti Gazte elkarteak ordezkariekin elkartu zen, eta salaketa publiko komun bat egitea erabaki zuten. Atzo 19:00etan, herriko Plaza Zaharrean elkarretaratzea egin zuten, eta «herria zaintzea denon ardura» dela oroitarazi dute, «elkarbizitza, errespetua eta ardura» eskatuz. 

Udalak aditzera eman duenez, «ikastetxeak eta frontoia ixteko erabakia hartzea ez da erraza izan», espazio horiek herritarguztien eskura egotea nahiko bailukete, baina gertatutakoak onartezinak dira, eta «ezin dugu bertze aldeera begiratu».