Interesa duten pertsonek azaroaren 6ko informazio-saioan parte hartu beharko dute nahitaez, aldez aurretik izena emanda.
Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa Bizirik garapen agentziaren bidez, informazioa, aholkularitza eta laguntza eskaintzen dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren dirulaguntzak eskatzeko. Laguntza horiek eskualdean enpresa proiektu bat abian jarri nahi duten langabeei zuzenduta daude. Bidasoa Bizirik erakundeak argitu duenez, deialdia edozein sektoretan proiektu berri bat martxan jartzeko dagoeneko zehaztuta duten sustatzaileei zuzenduta dago. Langabezian egon behar dute, eta dagokien enplegu-zerbitzu publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda. Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa 2.000 eurokoa da, baina eskatzailea emakumea bada, %15 handitzen da, eta 18 eta 30 urte bitartekoa bada, beste %15 gehiago.
Hortaz gain, Bidasoko Enplegu eta Tokiko Garapen Planaren barruan kokatzen den ekimena denez, prestakuntza eta laguntza espezializatuko ibilbide batekin osatzen diute, eta jardueraren lehen urratsak errazteko eta negozio-plan sendo bat garatzeko ekintzailetzarako teknikariak bidelagun izango dituzte lehen lau hilabetetan zehar. Prozesu horretan, besteak beste, aukeren identifikazioa, proposamenaren merkatu-balioztatzea, finantza-plangintza, marketina eta komunikazio digitala landuko dituzte. Era berean, jarduera hasteko beharrezkoak diren lege, zerga eta lan-arloko izapideei buruzko orientazioa jasoko dute.
Nuria Alzaga Bidasoa Bizirik erakundeko presidenteak nabarmendu duenez, «negozio bat abian jartzeko baliabideak behar dira, baina baita erabakiak hartzeko orientazioa eta laguntza ere». Alde horretatik, programa honen bidez, Irunen eta Hondarribian enpresa-proiektu bat duten pertsonek lehen urratsak gertuko laguntzarekin eta aurrera egiten lagunduko dieten tresnekin eman ahal izatea bilatzen dute erakunde publikoetatik.
Argitu dutenez, metodologia praktikoa izango da, benetako kasuak, simulazioak eta profil desberdinetara egokitutako tresna digitalak, gidak eta txantiloiak erabiliko baitituzte. Estitxu Urtizberea Bidasoa Bizirikeko presidenteordeak azpimarratu duenez, «proiektu bakoitzak behar desberdinak ditu, horregatik banakako aholkularitza funtsezkoa da, pertsona bakoitzaren zalantza zehatzak lantzeko, haren proposamena kontrastatzeko eta oinarri sendoko negozio-plan bat eraikitzeko aukera ematen duelako».
Nahitaezko informazio-saioa azaroaren 6an
Parte hartzeko interesa duten pertsonek azaroaren 6an egingo den aurkezpen-saioan parte hartu beharko dute. Saioa Bidasoa Bizirik erakundearen bulegoetan izango da, Irungo Ducoureau jauregian, Hendaia kaleko 8. zenbakian. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da 943 509 584 telefonora deituta edo ekintzailetza@bidasoa-activa.com helbidera idatzita.