Sindikatu guztietako banderak, orotariko aldarriak eta ikasle, langile eta erretretadunak, borroken elkartzea ikusi da gaur Baionako karriketan. Azken larunbatetan izan diren mobilizazioen haritik, bizitzaren kariotzearen arrangurak elkartu ditu gaur Lapurdiko hiriburuan mobilizatu direnak. Sindikatuen ohiko lerroez harago ere iritsi baita gaurko deialdia, eta udazken mobilizatuan mugarri berri bat plantatu du.
Hain zuzen ere, eros-ahalmenaren apaltzeak elkartu baditu, azken asteetako mobilizazioetan errepresioa jasan dutenekiko elkartasuna ere nabarmendu da gaur. Bertzeak bertze, gaur goizean lau ikasle atxilotu dituztela jakinarazi dute manifestazioan, eta haien sostenguz, Baionako komisariara hurbildu da LAB sindikatuaren blokea. Lehenago, 9:00ak irian, Etxepare lizeoko ikasle talde bat ere bertan manifestatu da, barda atxilotu zuten haien ikaskide bat babesteko.