Bidasoaldean ere kaleak hartuko dituzte etxe eskubidearen alde

Antxeta Irratia

Azaroaren 11n greba orokorra deitu du euskal gehiengo sindikalak, eta haiekin batera etxebizitza gizartearen beharren arabera antolatzeko beharra aldarrikatzeko eragile andana batek indarrak batu dituzte Bidasoa eskualdean. "Etxebizitza eskubidea bermatzeko espekulazioari ez" lelopean, gazte eta ikasle mugimenduek, Irungo sei auzo elkartek eta etxebizitza sindikatuek osatutako Bidasoko Greba Batzordeak, larunbatean 12:00etan Zabaltza plazan elkartzeko deia luzatu du. Eta greba egunean, 18:00etan, Mendeluko Zubimuxu biribilgunetik Irungo San Juan plazara manifestazioa. 

Etxe eskubidearen alde azaroaren 11n greba orokorrera deitu duten eragileek iragarri dute, hiri nagusietako manifestazioez gain, dozenaka mobilizazio egingo dituztela egun horretan, 70 herritan baino gehiagotan. Bidasoa eskualdean Irun izango da aldarrikapenen erdigune. Eta greba lanuztearekin bat egiteko gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde) egin duen deialdiarekin batera, mobilizazioetan parte hartzera dei egin du Bidasoko Greba Batzordeak.

Bidasoan ekintza ezberdinak

Atzo Irungo Zabaltza plazan egindako agerraldian iragarri zutenez, larunbatean, 12:00etan, Zabaltza plazan «espekulazioaren eta errentismoaren aurka» elkartuko dira. Sare sozialen bitartez iragarri dutenez, akanpada sinbolikoa egingo dute bertan, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. 12:30ean bertso saioa, 13:00ean propaganda tailerra haur eta helduentzat, eta 17:00etan mahai-ingurua egingo dute, etxebizitzaren auzia Bidasoan eta etxebizitza eta indarkeria matxistaren bueltan, eta Irungo kasu zehatz bat aztertuko dute. 

Bestalde, azaroaren 11n, greba egunean, Donostian (12:00etan) eta 18:00etan Mendeluko Zubimuxutik atera eta San Juan plazarainoko manifestazioan parte hartzera animatu dute. Hiru aldarrikapen nagusi egiten dituzte. Batetik, espekulatzaileek pilatutako higiezinak «desjabetzea», etxebizitzaren erabilera espekulatiboa debekatzea bestetik, eta azkenik, etxebizitza gizartearen beharren arabera antolatzea, eta ez merkatuaren logikaren arabera.

Aldarrikapen zehatzak

Irungo agerraldian etxebizitzaren krisiak «okerrera» egin duela nabarmendu dute. Alde horretatik, «etxebizitza kapitalismoaren logikaren baitan» antolatua dagoela, eta «etekin ekonomikoa herritarren eskubideen gainetik» jartzen dituztenez, bizitza proiektuen garapena baldintzatzen duela salatzen dute. Baita ikasle askorentzat, ikasketa prozesuak aurrera eramatea eragotzi ere. Izan ere, unibertsitate ikasketak Donostiaz beste hirietan egin ahal izateko, «ikasketa gastuen parte handi bat etxebizitzak hartzen du».

Mobilizazioetan parte hartuko duten eragileen artean, badira Irungo sei auzo elkarte ere. Bertako ordezkariek azaldu dutenez, etxebizitzaren egiturazko arazoak auzoetan eragina duelako. «Alokairua soldataren parte handi bat irentsi egiten duenean, eta egunak lanaren eta zaintzaren artean pasatzen direnean, soldata duinak ez direnean, auzoen arteko arrakala handitzen doa eta segregazio erresidentziala» areagotzen doala diote. Horrek, zenbait auzoen degradazioa ekartzen duela gogoratzen dute, «auzoetan espaloiak konpontzea ez delako dena». Eta hortik eratorrita, tamalez, bogan dagoen segurtasunari buruzko eztabaida sortzen dela diote auzo elkarteek.

Egungo krisiaren ondoriorik larrienak arintze aldera, lehenbailehen aplikatu beharreko bi neurri ere proposatzen dituzte azaroaren 11ko greba egunean aldarrikatzen dituztenak: «etxegabetze guztiak etetea eta prezioak berehala jaistea». Azken inkesten arabera, EAEko 4 biztanletik 3ren kezka nagusia etxebizitza da gaur egun, eta egoera iraultzeko «borroka eta mobilizazioa» da alternatiba bakarra eragileen arabera. Hartara, kalera aterako dira azaroaren 11n, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.