Antxetatarrak Arte Kronika erakusketa inauguratu zuten azaroaren 7an Donibane Garazin

Lizar Elexpuru

Larraitz Ugartemendia eta Aitor Errazkinen irratsaioak, Arte Kronikak jada hiru denboraldi bete ditu. 2026ko edizio honetan zazpi artista izan dira gonbidatuak, Ugartemendiarekin batera, Oaia Peruarena, Veva Linaza, Josette Dacosta, Iñaki Imaz, Amaia Lejarreta eta Garluk. Hauen lanak Josette Dacostaren galerian eta Donibane Garaziko udaletxean egonen dira ikusgai azaroaren 22a arte. 

Donibane Garazik elkartu ditu aurten Antxetak hizpide hartu dituen zazpi artista. Aurtengo denboraldian sei sortzaile elkarrizketatu ditu Larraitz Ugartemendia artista irundarrak. Duela hiru urte loratu zen artea eta irratia batzearen ideiaren hazia; Aitor Errazkin Basurkok, Antxeta Irratiko kazetariak, erronka proposatu zionean Ugartemendiari. Hirugarren aldiz irratsaioa erakusketa batean transformatu da, eta artista irundarrak proiektuari lotutako hainbat buruhauste luzatu zizkigun:

«interesgarria da irratitik lupatxo bat egitea artista bakoitzarena, elkarrizketa arrunta izan gabe. Ni artista naiz eta saiatzen naiz nire iritzitik artista biluzten eta erakusten, baina irratiz. Niretzako erronka bat da, ez delako ikusten». 

Artistei espazio bat eskaini eta  ezagutarazteaz gain, Ugartemendiak badauka proiektua abian jartzeko bertze arrazoi bat. Euskal Herriko artista desberdinak elkartzeko aitzakia moduan aurkeztu digu egitasmoa, eta irundarrak aitortu digu, konturatu direla zerbait sortzen ari dela:

«Urteak pasatuta konturatu gara hemeroteka bat sortzen ari dela. Euskal hemeroteka bat. Bizirik gauden artistena. Garrantzitsua da euskal kulturarentzat lagin bat egitea non ikasleek, irakasleek eta artistek ikus dezaten existitzen garela».

Antxeta Irratiaren laguntzaz gain, ezinbestekoa izan zen Donibane Garaziko Itzal Aktiboa arte elkartearen aletxoa. 2005 urtean sortutako elkarteak arte erakusketak muntatzen ditu, baita tailerrak prestatu ere, besteak beste. Maitena Diribarne, Itzal Aktiboako kideak aipatu zigun   euskal hirigune elkargotik antolatzen den Euskararen Urtaroarekin bat egin duela elkarteak. Artea euskararekin lotuz, artearen bidez euskara indartzeko asmoarekin. 

Josette Dacostaren galeriak goizeko 11:00etan ireki zituen ateak. Adin guztietako jendea bertaratu zen, kuriositatez paretetan zintzilikaturik zeuden obrak ikuskatzera. Pintura izan da aurtengo erakusketan protagonismoa hartu duen arte diziplina. Dena den, Garluken ilustrazioak ez ziren bigarren plano batean geratu, bere ilustrazio originalen xehetasunek atentzioa eman baitzuten. 

Ugartemendiak hartu zuen hitza lehenbizi, publikoari ongi etorria eginez, eta bertan zeuden artistak aurkeztuz. Emakumeak izan ziren Donibane Garazira gerturatu ahal izan ziren bakarrak: Oaia Peruarena, Amaia Lejarreta, Veva Linaza eta Josette Dacosta. 

Artista hauen barnealdean murgiltzeko aukera izan genuen erakusketan, baita beraien gogoeten berri izateko ere. Bakoitzak lanaren aurkezpen labur bat luzatu zuen ikusleriarengana. Artista gehienen aldetik natura hitza izan zen gehien errepikatu zen elementua. Larraitz Ugartemendiak aipatu zuen «basoan inspiratzen» dela. Basotik hartzen duela energia, gerora lanak estudioan bukatzeko. Modus operandi antzekoaz baliatzen da Veva Linaza. Kanpora ateratzen da margotzera, gero, estudioan jarraitzeko. Paisaiak irudikatzea baino,, paisaiarekiko gogoeta bat egitea da bere helburua. 

Mihise gainean zerbait irudikatzeko modu anitzak egon daitezke. Anitzetan imajinatzen dugu artista bere pintzel eta kolore paleta zehatzarekin. Baina hori desberdina da Amaia Lejarretaren kasuan. Bere gorputza margotzen, bodypaintinga jorratzen aritu da luzaroan, baita ikus-entzunezkoetan lan egin du, Erro labur metrajearekin. Hala ere, udazkenean, berriz ere bueltatu da arte plastikoetara, Udazkena seriearekin.

Udazkenak egiten duen moduan, Amaia ere saiatu da bere baitako «kapak kentzen». Hau da, zuhaitzetatik hostoak erortzen diren bezala, bere «gorputzeko margoak kentzen» saiatu da. Hortaz gain, dualitate bat ere aurkezten digu. Bere obrak binaka aurkezten dira, eta horrek ere badu «zentzu sakona». «Gauza batzuk askatzea ez da erreza izaten. Kasu honetan adierazi nahi izan dut bi pieza horien bitartez, horren artean geratzen den hutsunea». 

Bukatzeko, Oaia Peruarenak hartu zuen hitza, eta ohi moduan, bere sentsibilitate adierazkorrez, bere lanak aurkeztu zituen. Oaiarentzat artea «bizitza zabalagoa egiteko manera bat da». Ez du «deus erakutsi nahi». Askatasun handia transmititzen du bere lanak, horri ere eskaintzen dio lekua. «Margo bakoitzaren aitzinean galdera edo eskaera horri lekua ematea» da gakoa Peruarenarentzat. 

Galeriaren jabea ere bertan zegoen, eta noski, bere artelanak. Mugimenduz beteriko lanak aukeratu zituen erakusketarako. Argia, mugimenduak eta bizitasunak definitzen du Josette Dacostaren lana.  Material ezohikoak erabiltzen ditu: lastoa, paper desberdinak edo ardi kaka, batik bat. Udaletxean aurkeztutako lanak iluntasun bat irudikatzen du, bai koloreetan, baita testuretan ere. Josetteren bizipen bati lotuta dago izaera tristeago hau, izan ere, uda honetan osasun arazoak pairatu zituela aitortu zuen, eta iluntasun hori ateratzeko beharretik sortu zituela artelanak, «arteak balio du horretarako». 

Bukatzeko, Larraitz Ugartemendiak, bertaratu ez zirenak ere oroitu zituen. Iñaki Imaz Ugartemendiaren irakaslea izandakoak, Yolanda obraren lagin bat aurkeztu zuen. Lan «kontzeptual» bat, «pentsamenduekin eta sentimenduekin» jolastearen emaitza. Bertzalde, Garluk komikigilearen ibilbide oparoa aipatu zuen.