Mugaz Muga Triatloia: «Eskualdeko emakumeak kirolaren bidez batzeko eta aldarrikatzeko ekitaldi bat sortu nahi izan dugu»

Paola Oskoz

Bidasoa ibaiak ez ditu soilik lurraldeak bereizten, herritarren arteko lankidetzarako eta bizikidetzarako eremu aberats bat ere osatzen du. Testuinguru honetan jaio da Mugaz Muga 2026, azaroaren 22an Hendaia, Irun eta Hondarribia lotuko dituen triatloi solidario eta feminista. Txingudiko Elkarte Feministak, Emeki Elkarteak eta Hendaia Uretan elkarteak elkarlanean antolatutako proiektu hau 16 urtetik gorako emakumeei zuzendutako kirol ekimen ez-lehiakorra da, eta proba guztiak errelebo bidez egiteko aukera eskaintzen du.

Azaroaren 22an Hendaia, Irun eta Hondarribia lotuko dituen triatloi solidario eta feministaren helburu nagusia kirola sentsibilizaziorako eta eraldaketa sozialerako tresna bihurtzea da, indarkeria matxista ikusaraziz eta gaitzetsiz, eta, aldi berean, berdintasuna, emakumeen ahalduntzea zein adin eta kultura ezberdinetako pertsonen arteko bizikidetza sustatuz.

Emakumeak eta hiru hiriak batzeko ekitaldi bat egin nahi izan dute, eta horretarako kirola akuilu lanak egiteko tresna egokia dela pentsatzen dute antolatzaileek. Txingudiko Elkarte Feministak egin zuen lehen urratsa, eta alboko herrietan Hondarribiko Emeki emakumeen elkartea eta Hendaia Uretan elkarteak elkartu ziren gero. Azaroaren 25aren bueltan, Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, gizarte osoa sentsibilizatu nahi dute.

Hiru modalitate inor behartu gabe

Triatloiari dagokionez, parte-hartzaile bakoitzak hiru modalitate hauetatik bat, bi edo hirurak egin ditzake: lehenik, Hendaian azken urteetan bogan dagoen uretako senderismoa edo oinezko 2 kilometroko ibilbidea antolatu dute hondartzan. Ondoren, 15 kilometroko txirrindularitza proba egingo dute Hendaiako La Floridako portu zaharreko Bidasoa Ordokitik (Tribord) Hondarribiko Bentako aparkalekuraino, eta azkenik, 5 kilometroko korrika lasterkaldia izango da Hondarribian, Benta abiapuntu eta helmugaratzea puntu izanik. 

Elkarte bakoitza bere herrian arduratuko da triatloiaren antolaketaz. Eta nabarmendu dutenez, boluntarioek paper garrantzitsua izango dute probaren egunean, ekitaldiaren antolaketa egokia bermatu eta aldarrikapena behar beste zabaldu dadin.

Horretaz gain, egitasmoaren lehen edizioa izanik, biziki eskertu dute babesle aldetik ere jaso duten laguntza, esaterako, Eroskiren, Pasquierren, Kaikuren eta Egarri Edarien babesletza jaso dute, baita eskualdeko hiru udalen laguntza ere. Esker hitzak izan dituzte  Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoarentzat ere, bertatik emandako diru laguntza bati esker aterako baita aurrera proiektu hau. Orokorrean, antolatzaileak pozik azaldu dira bidean ukitutako ateak zabalik aurkitu izanagatik

Txingudiko Elkarte Feministako Elena Serrano, Emeki elkarteko Tamara Sastre eta Uretan elkarteko Miren Eizagirrerekin hitz egin dugu.