Tasio Erkizia: «Bizi grina faxismo batek estali dezake, baina hil nekez»

Lizar Elexpuru

Ezker Abertzalearen militante klasikoa da Tasio Erkizia (Lesaka, 1943), eta ibilbidean ikasitakotik mintzo da Herrigintzak merezi du (2026) liburuan. Euskal Herriko herri mugimenduaren kartografia baten moduan ulertzen da entsegu hau. Euskalgintza, langile borroka, feminismoa, ekologismoa, kulturgintza, komunikazioa, jaien eremua, antimilitarismoa, elikadura burujabetza eta bertze hainbertze esparrutan kokatzen du Erkiziak herrigintza iraultzailea. 

Beran elkartu ginen Tasio Erkiziarekin, bere jaioterritik hurbil. Lesakarrak aitortu zigun bere sorterria «gero eta maiteago» duela, «gero eta herrimin gehiago» sentitzen duela. Gogoeta hauekin lotu zuen herri txikiek izan dezaketen handitasunaren sena. «Zorte handia da horrelako herri batean jaio eta bizitzea, herri oso aktiboa delako, herri bizi-bizia da eta eredugarri munduko parte askorentzat» . 

Psikologian lizentziatu, apaiz ordenatu, irakasle eta zuzendari lanetan aritu, Herri Batasunaren garapenean jardun, Mahai Nazionaleko kide izan, Bilboko udaletxeko alkateorde eta Gasteizko Parlamentari karguak lortu, Santutxuko herri mugimenduan murgildu eta Zazpiak bat harreman sarea eta Errigora herri proiektuetako sortzaileetako bat izanik, sen nekaezinez aritu da Erkizia herrigintzaren loraldia zaintzen, belaunaldi berriei bidea erraztuz. 

Orainaldiko errealitatea ez da magiaz heldu gugana. Erkiziak ohartarazi zuen ezagutu egin behar dela historia, eta hausnarketa eremuak zabaldu behar direla.  Liburu hau beraz, ez da herrigintzaren historia labur bat, herri eragileek eraldaketarako duten boterea mahaigaineratzeko tresna baizik.

Euskal Herriaren udaberria.

Frankismo garaian kokatzen gaitu Erkiziak liburuaren hasieran, sufrimenduak eta beldurrak estalitako garai ilun batean. Errealitate honen aitzinean ordea, faxismoak ez zuen lortu bizi grina akabatzea.  «Herriminak sortzen du nor izateko nahia hori, burua altxatzeko nahia hori, besteen menpe ez egoteko nahia hori». 

Lesakarra lehen pertsonan mintzatu zitzaigun elkarrizketan, izan ere, neurri batean bere esperientzia propiotik abiatzen da  Euskal herriko herri mugimenduaren ekarpenaren berri ematera: 

«hasieran oso burumakur geunden, errepresio izugarria zegoen, ez zen erreza, beldurra hezurretaraino sartua genuen. Baina  herri honek izugarrizko iraulketa eman zuen, gai izan zen errepresio eta debeku guztien gainetik herri bizi-bizia bihurtzeko, sinisten hasi ginen baginela nor».

Bizi grinak faxismoaren garroak gainditu zituen, eta askatasun grina hori, politika egiteko modu eraldatzaile batean transformatu zen, herri mugimenduan. Euskal lurraldeetako sen komunitarioari jarraiki, gizarte justuago baten alde, herritarrek martxan jarri zituzten hamaika proiektu, estrategia eta egitasmo. Tasio Erkiziaren erranetan «molde zaharrak apurtu egin ziren, eta molde berriak sortu ziren borroka egiteko moduan».

Gaztea zen Tasio Erkizia udaberri honen parte izan zenean. Loraldi berri honetan gazteria izan zen ezinbertzeko figura. Komunitate indartsuak sortu zituzten, irakurgai eta debate desberinekin iraultza ereduak beraien errealitatean imajinatu. Kubako edo Aljeriako askatasun mugimenduak adibidez. «Mugimendua bazegoen eta horri heldu zion Euskal Herriak. Sortu zen mugimendu berri horrentzat, euskara erdigunean jarri genuen».

Berpizkunde berri baten atarian

Erkiziak iraganerako bidaia batean murgiltzen gaitu entseguan. Dena den, ez da nostalgian geratzen, eta Erkiziak orainaldiari buruzko gogoetekin dirau egunerokoan. Elkarrizketan aipatu zigun gizartea «gero eta indibidualistagoa dela». 

«Kontsumismoak jaten gaitu, hor murgildurik gaude. Hori ukaezina da. Gizartea aldatu da eta ez onerako. Baina aldi berean, egia da solidaritate asko dagoela, Euskal Herriak modu desberdinean eragiten duela». 

Gaur egungo herrigintzaren hainbat adibide luzatu zizkigun lesakarrak. Espainiako Itzulian Palestinarekiko egon zen elkartasuna Bilbon hasi zela oroitu zuen Erkiziak. Guggenheim Urdaibai eta Aroztegia proiektuen porrotaren arrazoiak ere azpimarratu zituen. «Intsumisio zuzena» egin zela, lurra defendatzen. Errigoraren auzolan eredugarriaz ere mintzatu zen,  «bihar Tuteran 200 gazte baino gehiago Errigoraren auzolanean ariko dira. Hori herrigintza da, hori gaur egun gertatzen ari dena da». 

«Badago sindikalismo iraultzailea. Mugimendu feminista eredugarri bat, oso kreatiboa. Momentu honetan mugimendu feministak erein duen hazia zaintzaren inguruan oso inportantea da eta instituzioak beste alde batera begiratzen ari dira. Berandu baino lehen heldu behar diogu zaintzaren arazoari. Mugimendu feminista oso bizia eta oso erakargarria daukagu».

Gazteriaz ere aritu ginen solasaldian. Egoera kritikoan dagoen gizarte sektorearen inguruan hainbat hausnarketa luzatu zizkigun Erkiziak: «lan mundua bereziki zaila dago gazteentzat. Prekarietate basatiak izugarri baldintzatzen du gaztea». Honen aitzinean, positibo aurkeztu zitzaigun idazlea, erranez, gazteria ari dela bere tokia aurkitzen eta zehaztuz, «berpizkunde berri baten atarian» gaudela, «momentu politak biziko ditugu».