Olaia Iantzi eta Olaia Urdangarinen Gradu Amaierako Lanak garaile Lesakako Udalaren beka deialdian

Jada bortz urte dira Lesakako Udalak  ikasketa bukaerako lanak egiteko dirulaguntzak eskaintzen dituela. Lan hauek Lesaka izan behar dute ikergai eta 2025-2026 ikasturtean, Olaia Iantzi Etxarte (Lesaka, 2002) eta Olaia Urdangarin Tabernaren (Lesaka, 2002) lanek jaso dute 500 euroko beka. Saria jaso zutenetik hilabete zenbait pasa badira ere, irabazleekin solastatzeko parada izan dugu Antxeta Irratian. 

Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako graduetan lizentziadunak dira Iantzi eta Urdangarin. Azken bi urteetan Haur Hezkuntzako graduan jardun dute eta beraien ibilbidea borobiltzen duen GRALA aurkeztua dute jada.

Lesakako Udalak unibertsitate ikasketak burutzen ari diren ikasle lesakarrei bulkadatxo bat emateko iniziatiba duela bortz urte jarri zuen martxan. Urtero 500 euroko bi beka banatzen ditu, Gradu Amaierako Lanek Lesaka ikergai eduki dezaten. Aurtengo irabazleen lanek Lesakako haurren hezkuntzaren inguruko hainbat problematika landu dituzte. 

1. 'Album ilus­tratu zis-hete­ro­se­xista: Lesa­kako libu­ru­te­gia­ren azter­keta kri­ti­koa eta pro­po­sa­men inklu­si­boa'.

Lehen hezkuntzako GRALAren ondorioa izan zen Iantziren ikerketaren abiapuntua. Hutsune bat sumatzen zuen haurren hezkuntza berdinzaleago bat errealitatera lurreratzeko momentuan. Gobernutik bideratzen diren planak edo formakuntzak aski ez zirela aitortu zigun lesakarrak eta hutsune horretatik tiraka, lehen hezkuntzako GRALA, arrakala horren zergatiak ikertzera bideratu zuen. Lan honetan ohartu zen «curriculum ezkutuek» eragin sakona daukatela, «inkontzienteki transmititzen diren balio horiek».  

Olaia Iantzirentzat hezkuntza berdinzaleago baten funtsa identitatea garatzeko aukera berdinak bermatzean datza Curriculum ezkutuen eragileetako bat album ilustratua izanik, Olaia Iantzik Lesakako album ilustratuen ikuspegia aztertu zuen:

«Haurrek ikusten dituzten ilustrazio eta istorioetan eraikitzen dute beraien mundua, errealitatea. Album ilustratuetan transmititzen diren balio horiek heterosexistak badira, honi lotutako jokabideak edo jarrerak errealitatean islatzen dituzte».

Ikerketa hau bertze ikasle batek sortutako txantiloiaren baitan burutu zuen, irakurketa zisheterosexistak aztertzeko txantiloi batean. Hiru dimentsio banatzen ditu txantiloiak: hizkuntza, pertsonaiak eta ilustrazioak. 

Horrela, 141 album ilustratu sakonki ikertu ostean hainbat irakurketa aurkezten ditu Iantzik. Hasteko, aipatu zigun haur eta gazte literatura «trantsizio fase» batean kokatzen dela. «Aurrerapausoak egin dira, baina badira gainditu beharreko arrakalak». Aurrerapauso hauen artean «gero eta neska erreferente gehiago» dagoela aitortu zigun lesakarrak; «estereotipoak apurtzen, protagonista bezala…» agertu ahal direnak.  

Dena den,  arraka nagusia ikuspegi bitarraren baitan definitu du Iantzik. «Pertsonaiak identifikatzen dira neska edo mutil bezala. Matrize horretatik kanpo, ez dute irudikatzeko lekurik. Haurrentzat ikusten ez dena, ez da existitzen». Horrekin lotuta harreman heterosexualen nagusitasuna azpimarratzen du ikasleak. «Harreman guztiak eraikitzen dira familia tradizionalaren baloreetan. Bikote bitarrez eraikiak». 

2. 'Lesa­kako Haur Hez­kunt­zako ikas­leen pan­tai­la­ren era­bi­le­ra­ren azter­keta eta esku hartze pro­po­sa­mena'.

Olaia Urdangarinen lanaren abiapuntua bere ingurura begiratze hutsarekin suertatu zitzaion. Ostatuetan edo bertze hainbat espazio publikoetan  arreta jarrita, mugikorrak eskuetan zerabiltzaten haur txikiekin egin zuen topo, Urdangarinek zehaztu moduan «ez ziren hamabi urteko haurrak, baizik eta bi urteko haurrak». 

Errealitate hurbil horretatik hainbat hausnarketa eta galdera jarri zituen erdigunean. «Bi urteko haur batek beharrezkoa al du pantaila bat? zergatik erabiltzen dituzte gurasoek mugikorrak beraien ondoan?»

Seme-alaba eta gurasoen arteko arazo soil batetik haratago, Urdangarinek azpimarratu zigun denok zeharkatzen gaituen errealitate bat dela, bere kasuan irakaskuntzaren espaziora garraiatzen du arazoa, ikasgelan ere pantailen gehiegizko erabilera sustatu izan duela aitortuz. 

Gai honi helduta ekin zion lanari: bi eta bortz urte bitarteko haurrak jarri zituen erdigunean. Zehazki bost urteko  sei haur ikertu zituen. Lesakako bi ikastetxeetako  irakasle bana elkarrizketatu zituen gainera,  pantailen erabileraren auzia jarraituz. 

Haurrekin izandako esku-hartze horren baitan, hiru ekintzen artean bat aukera zezaten eskatu zuen Urdangarinek: telebista ikustea, lagunekin jolastea edo liburu bat irakurtzea. Urdangarinek aipatu zigun telebista ikustearen aukera gailendu zela galdeketan. 

Hortaz gain, pantaila hauetan ikusten duten edukiari dagokionez, begietatik sartzen denak eragin zuzena eta sakona duela ulertzera garamatza ikerketak. Olaiaren arabera, edukietan islatzen diren pertsonaia horietan sartzen direlako haurrak, beraien jarrerak imitatuz.

Honen harira, gizarteratze prozesuari garrantzia eman dio Urdangarinek. Hau da, haurren harremantzeko moduetan pantailen erabilerak izan ditzaketen eraginak aztertu nahi izan ditu. Gauzak horrela, “modan” egon daitezkeen edukiez aritu da Urdangarin, eduki hauek ikusten ez dituzten haurrak baztertuak geratu daitezkeela ondorioztatuz, haurren solasak, edo harremantzeko moduak eduki hauen baitan garatzen direlako bertzeren artean.  Solas egiteko modu hauetan, hizkuntza hegemonikoak ere sartzen dira, haurrek euskaraz sortuak ez diren bertze hizkuntzetan kontsumitzen dituztelako edukiak, Olaiaren erranetan, Lesaka moduko arnasgune euskaldun bat arriskuan jarriz.