Azken urteetan polizia frantsesak ezarritako kontrolen ondorioz, Bidasoa ibaiaren gaineko muga zeharkatzeko ahaleginetan hildako 10 migranteen omenez, hainbat sinesmen eta fede erlijiosoei lotutako eragileek deituriko omenaldia antolatu dute, azaroaren 22an, Irunen. Bidasoan etorkizun duin baterako bidean hildako migranteei omeanaldia egingo zaie igande eguerdian (12:00) Irungo Santiago Zubian dagoen skateparkearen aldameneko oroigarrian.
Korapilatuz kolektiboak koordinatuta, Eskubidedun Migratzaileak eta Euskal Herriko Islamiar Federakundeak (FIVASCO) elkarteek, Loiolako Zentroak eta Etorkinen Pastoraltzak antolatu dute, eta aurten bosgarren aldia da haien aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko indarrak batzen dituztela. "Mugek hil egiten dute, herriek harrera egiten dute" lelopean egingo dute aurtengoa.
2022ko azaroan halako omenaldia antolatu zuten aurreneko aldiz, eta Euskal Herri mailako erakundeek deitu zuten omenaldia. Hartan, Caritas Gipuzkoa edota Errenteria zein Donostiako mezkitek ere bat egin zuten ekimenarekin.
Irungo skateparkearen ondoko oroitarria.
raingo honetan, omenaldiaren antolatzaileek oroitarazi dutenez, muga fisikoez gain, Europara iristea lortzen duten errefuxiatuek sufritzen dituzten muga ikusezinak salatu nahi dituzte. Korapilatuz kolektiboak dio, legezko muga, urte luzez bizileku zein lanerako baimena eskuratzea eragozten diela, eta politika antimigratorioek gizarte-diskriminazioa eragiteaz gain, etxebizitza duin bat izateko eta, oro har, pertsona horien gizarteratzeko eskubidea oztopatzen dituztela.
Harrerarako elkarteen sareak migrazioaren atzean behar ekonomikoak, natura suntsitzearen ondorioak, gerrak edota jazarpen politikoak daudela gogoratzen du, eta gaur egun Palestina, Ukrainia, Sudan eta Libano kolpatzen dituzten gerrak bezala, migratzera behartuak dauden milaka pertsona gogoan hartu nahi dituzte.
Iragarri dutenez, igandeko omenaldian, antolatzaileek manifestua irakurriko dute eta gurean bizi diren hainbat errefuxiatuk hartuko dute hitza, haien esperientziaren testigantza emateko.