Hasier Larretxea eta Marc Badal

«Gaur egungo errealitate konplexu honetan, etorkizuna landa eremuan dagoela uste dut eta jendea gogotsu dagoela bertan dinamika ezberdinak egiteko»

Hasier Larretxea idazle arraioztarra Elo herrian izan da Landarte ekimenean parte hartzen. Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundearen barrenean kokatzen den programa honek hamar urte daramatza Nafarroako sortzaileak eta herritarrak elkartzen kultur sorkuntzak aitzinera ateratzeko helburuarekin. Honen baitan beraz, Eloko bizilagunek eta Larretxeak Nire herriko leku bereziei eskutitzak lana sortu dute aurtengoan, belaunaldien arteko solasaldietatik abiatutako testuak izan direnak. 

Kultura pizten ari da Nafarroako herri txikietan eta horretan gakoa Landarte ekimena izan da. Hamar urte daramatza Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundearen barrenean kokatzen den Landarte programa Nafarroako sortzaileak eta herritarrak elkartzen, kultur sorkuntza bat aitzinera ateratzeko. Azken zazpi urteak izan dira bereziki emankorrak, planteamendu berri batekin hainbat herritan izan baitira sorkuntza desberdinak egiten. Hala ere, emaitza ez da beraientzat garrantzitsuena, helburua bizilagunen eta sortzaileen arteko sinergiak bilatzea da eta, prozesu horretan, bertakoei tresnak eskaintzea dinamika kolektiboek indarra har dezaten. Hamargarren edizio honetan, bortz sortzaile aritu dira bortz herrietan lanean eta horietako bat Hasier Larretxea idazle arraioztarra izan da. Larretxea Elon egon da eta Nire herriko leku bereziei eskutitzak lana atera du aitzinera. 

Landarte ekimenak hamar urte bete ditu aurtengoan eta Marc Badalek, proiektuetan bitartekari lanetan aritzen denak, aipatu du azken zazpietan eman dela aldaketarik handiena. Herri txikietan gauzatzen den proposamena da eta “prozesu kolektibo baten bitartez dinamika komunitarioak elikatu edo dinamika berriak sortzeko” helburua du, betiere “hausnarketa edo ikerketa prozesu baten bitartez eta tresna kulturalak erabiliz”. “Azken finean guk xerkatzen duguna, edo sortzaileei proposatzen dieguna, da elkargune batzuk zabaltzea eta arreta ezartzea elementu, dinamika edo istorio ezberdinei”, gaineratu du Badalek. Hain zuzen ere hori da proiektu honen funtsa, Nafarroako sortzaile eta herritarrak elkartzea eta harreman horretatik sorkuntza bat abian jartzea, sortzaileak berak dakarren ikuspuntua eta tokiko dinamikak uztartuz.

Urte osoko lana da Landartek egiten duena, nahiz eta prozesua ekainetik urte bukaera bitarte gauzatu. Urtarrilean eta otsailean proiektuan parte hartuko duten herriak aukeratzen hasten dira: “Aski txikiak diren herriak bilatzen ditugu eta aktiboak direnak, udal taldean, elkarte batean edo solte gisa ere aktiboak diren pertsonak bilatzen ditugu. Dinamika kolektibo polit bat behar dugu hara sartzeko”. Herriak erabakita, bertara bisita egitea izaten da Marc Badal eta Anne Ibañez bitartekarien hurrengo pausua eta bisita horien baitan erabakitzen dute zein sortzaile gonbidatu herri bakoitzera. Horrez gain, “herritarrak lasaitzeko” baliatzen dituzte bisita horiek: “Herritarrak lasaitzea izaten da orduan lana, oraindik guk ez dakigulako deus ere eta beraiek dena jakin nahi dutelako. Gerora ere denen beldurrak arintzea izaten da gure lana, herritarrena eta sortzaileena, eta akonpainamendua egitea”. Izan ere, herriak eta artistak aukeratuta, ekainetik urte bukaera bitarte prozesua martxan jartzen da eta hor, lana gibeletik segitzea egokitzen zaie Badal eta Ibañezi. Sortzaileen eta herritarren ardura da hilabete horietan “esplorazio fasean” aritzea eta bitartekariena zenbaitetan “ezetz” erratea, baita “proposamena bukaera bitarte irekia mantentzera animatzea” ere. 

Hasieran aipatu bezala, proiektu honen gakoa prozesuan baitago, eta ez hainbertze emaitzan. Badalek azpimarratu nahi izan duenez, sortzaileak edo herriak erabakitzeko momentuan ez dituzte “abilidadeak edo gaitasunak” begiratzen, baizik eta “pertsonak”. Horrela beraz, Landarteren helburua parte hartzaileek “marko bat eskaintzea da, non sortzaileak bide berriak har ditzakeen”. Batzuetan bide batzuk aurreikus daitezkeela ere onartu du bitartekariak, baina gerora ematen diren emaitzak bertzelakoak izan daitezke eta hori da, hain zuzen ere, prozesuan bilatzen dutena, esperimentaziorako joera edukitzea eta, batez ere, “elkartzea eta harremanak sortzea”. 

Hasier Larretxea idazle arraioztarraren esku-hartzea Elon

Landarte ekimenaren aurtengo edizioko sortzaile gonbidatuetako bat Hasier Larretxea idazle arraioztarra izan da. Larretxeak gonbidapena “poz handiz” hartu zuela aitortu du, baita “irrikaz eta urduritasunez” ere. Ekimena aitzinetik ezagutzen zuen idazleak eta gustukoa zuen. Ez zuena gehiegi ezagutzen ordea, Elo herria zen, arraioztarrari egokitu zitzaiona: “Ez nuen sobera ezagutzen. Elomendi ezagutzen nuen, baina herria ez. Hau ederra da, Nafarroaren baitan, geografia arakatzeko aukera badelako eta gure eskualdetik atera eta sinergiak egiteko”. Herrira hurbildu zen lehen eguna ere gogoan du Larretxeak, “urduritasunez” betea izan zelako. “Bea Cantero dokumentalistarekin” bildu zela kontatu du eta “lehen bilkura bat” eduki zutela herriko pertsona zehatz batzuekin. “Hor, sortzaile bezala, dekonstrukzio handia” egin behar izan zuela onartu du, baina irakaspenez betea egon dela prozesua.

Adi egoteko prestutasuna ere behar du sortzaileak prozesu honetarako eta bidean aditzea zein den garrantzitsua azpimarratu du Larretxeak: “Izugarri aditu behar da. Sortzaileok, batzuetan, ohitura dugu ni-a edo ego-a anplifikatzeko eta horrelako proiektuak ongi heldu dira horretarako. Herritarrek ezagutu behar zaituzte eta herria ere ezagutu behar duzu. Proiektu sozial bat da, beraz, begirada luzatzea beharrezkoa da. Entzumena eta ikusmena zorrozteko proiektua da, zentralitatetik at zenbait gauza iragaiten direlako, gauza zirraragarriak eta aski interesgarriak”. 

Hortaz aunitz daki idazleak, orain dela guti arte gizarte langile izan baita. Hori gibelean utzi du dagoeneko eta kulturan murgildu da guztiz, baina aditzeko gaitasuna ez du galdu eta hori baliagarria izan zaio proiektu honetan, herritarrekin izandako elkarrizketek gidatu baitute prozesuaren norabidea: “Elkarrizketa kolektiboak eta bakarkakoak egin ditugu herritarrekin. Bagenuen dosier bat gako batzuekin edo interesgarriak ziren gauza eta pertsonekin. Ekainean eta uztailean hasi ginen solasean jendearekin eta abuztura hurbildu ginen honela. Herriko memoria lantzeko egin genuen tailer bat izan zen gakoa ere. Jende andana etorri zen eta Carlos Santamariak herriko hitz zaharren zerrenda bat ekarri zigun eta hor espazio batzuk atera ziren eta ohartu ginen zein presente zituzten. Toki horietako istorioak eta bizipenak entzuten aritu ginen eta horiei forma ematen”. Aditutakoa “harilkatzea” ez zela erraza izan onartu du Larretxeak, baina poliki-poliki aurkitu zuten bidea, Izaskun Ukar Eloko eskolako zuzendariaren bitartez hein handi batean: “Plan komunitarioaren barrenean, Izaskun Ukar eskolako zuzendariarekin izan genuen konexioa gakoa izan zen. Hor hasi ginen pentsatzen heldu eta haurrekin dinamikak nola egin. Ni ere herriko buzoietan erreparatu nuen eta hortik atera genuen eskutitzen kontua, dagoeneko ez direlako eskutitzak idazten”. Proiektuari forma emanda, proposamena herritarrei aurkeztu zieten abuztuaren 11an, ostatu bateko terrazan.

Erronka handia izan da jendeak eskutitzak idaztea, idazleak berak azpimarratu duenez: “Herri txiki batean gure baitakoak ateratzea ez delako erraza, nahiz eta baso bati edo errekari idatzi, baina landa eremuko jendeari tresnak ematea izan da helburua. Izan dira izen-abizenekin sinatu dutenak, anonimotasunetik idatzi dituztenak, edo idatzi ez dutenak ere”. Traba izan bada ere, “interesgarria” izan dela aitortu du Larretxeak eta espero du behin emaitza aurkeztuta, herritar gehiago animatzea idaztera. Marc Badalek ere aitortu du proiektuetan hori izaten dela zailtasunetako bat, nahiz eta sortzailearen eta herritarren arteko harremana “sintonizatzen bada, ongi ateratzen den” guztia: “Hasieran zailtasun edo hutsune txiki bat egoten da usu, baina benetan prozesua ongi joaten bada, eta Eloko kasua horrelako da, herritarrek ikusiko dute beraien lekua zein den eta nola parte hartu dezaketen”. Horretarako gakoetako bat herritarrek dakiten hori aprobetxatzea dela dio Badalek: “Ez zaizkigu behartutako ariketak gustatzen. Ez zaigu interesatzen sortzaileek zuzentzea eta herritarrak ez dakiten horretan hastea. Bakoitza bere lekuan edo leku egoki batean egon beharko da ekarpenak egin ahal izateko”. Kasu honetan, idaztea izan da kontua, eta gaur egun “apenas idazten bada ere, bakoitza bere ezagutzatik edo esperientziatik” egitea proposatu da eta horrela aritu dira, bortxatu gabe, proiektua aitzinera eramaten. 

Etorkizunera begiratzeko proiektua bat izan da eta hori egiteko, ezinbertzean, iraganera joan dira behin baino gehiagotan, Larretxeak aitortu duenez, eta elkarrekin egin dute bidaia hori, “belaunaldien arteko solasaldiak” bultzatu baitituzte: “Eskolatik hamabortzero atera gara urritik aitzina eta hor helduak ere batu zaizkigu. Lekuak bisitatu ditugu eta istorioak atera dira, herritarrek ezagutzen ez zituztenak ere, eta haurtzaroa presente egon da. Sinergiak atera dira hortik eta orain elkar agurtzen dute kaletik eta hori polita da, dinamika horiek duten oihartzunari segida ematea alegia”. Proiektu honek jarraipena izatea da orain erronka nagusia eta horretarako pausu batzuk eman dituzte dagoeneko. “Buzoi bat jarri dugu eskolan, egurrezkoa, haurrek eskutitzak bertan jaso ditzaten. Erronka handia da honek segida izatea etorkizun hurbilean, baina eskolako zuzendariari zerrenda bat eman diogu eta dinamika honekin segitzeko aukera dute”, gaineratu du idazleak. Zerrenda horretan ere zenbait ideia ematen dizkiete herritarrei, adibidez idatzitako eskutitz horiek udaletxeko webgunean zintzilikatzea. Dagoeneko liburu batean bildu dituzte idatzitakoak, Nire herriko leku bereziei eskutitzak izenburupean (Cartas a los lugares especiales de mi pueblo), eta azaroaren 25ean aurkeztu zuten emaitza, baina ez denez proiektu itxi bat, bideari segida ematea izanen da orain bizilagunen ardura. 

Kulturaren etorkizuna landa eremuan dago

Hasier Larretxeak eta Marc Badalek aurtengo edizioaren eta, bereziki, Nire herriko leku bereziei eskutitzak proiektuaren balorazio positiboa egin dute. Larretxea, bere aldetik, “izugarri pozik” azaldu da sortutakoarekin. “Aurtengoa izugarrizko bidaia emozionala izan da; sorkuntza eta kultur arloan bizi izan ditudan esperientziarik ederrenetarikoa eta aberasgarrienetarikoa izan dela pentsatzen dut, zinez. Erronka izan da baina kontent gaude Bea Cantero eta biak eta politak izan dira herrian sortu diren hariak ere”, onartu du. Prozesua bukatzen ari den momentu honetan, malenkoniatsu azaldu da idazlea eta aitzindu du Elora bueltatzeko intentzio garbia duela, bertan sortutako “sareak” hautsi ezinak bihurtu direlako. Marc Badalek gaineratu du “ikasketak handiak” izan direla eta “prozesu guztiak biziki huntsa” joan direla. Aitortu duenez, horrelako proiektuak beti daude “hari fin baten gainean” dantzan eta, alde horretatik, “adi egon” behar direla beti. Hala ere, aitzinera segitzea da aukera bakarra, urteroko proposamenetan, “sortzaileen eta herritarren artean partekatzen” den horretan benetan sinisten baitute. 

Izan ere, argi dute biak landa eremuan dagoela kulturaren etorkizuna. Larretxeak bere esperientziaren bitartez berretsi du sinesmena: “Kultur eremuan etorkizunerako edo gaur egungo gakoetako bat landa eremua da. Hiriaren eta herriaren artean bizi gara eta, iragan batean, espazioak eta tokiak eskaini dizkigu hiriak. Gaur egungo errealitate konplexu honetan, etorkizuna landa eremuan dagoela uste dut eta, hori baino gehiago, jendea gogotsu dagoela landa eremuan dinamika ezberdinak egiteko. Nire esperientzia, Landarten eta bertze ekimen batzuetan, aski aberasgarria izan da eta ikusi dut garrantzitsua dela jende horri tresnak ematea. Sortzaileentzako ere ikusmira desberdinak eta beharrezkoak proposatzen dira eta, denboraren gelditzearekin, historia hurbilarekin eta naturarekin harremanean, herrietarako jauzi bat beharrezkoa da”. 

Landarte ekimenerako ere ezinbertzekoa da proiektua herri txikietan gauzatzea, Badal eta bere lankideendako “landa eremuaren errealitatearen inguruan hausnartzeko” balio duelako, “hurbilketa kritiko moduan”. Izan ere, “aunitzetan, herri txikietan, besta, festibal edota udako agendara,” mugatzen da kultura, “turistak edo barne turistak entretenitzeko” helburuarekin. Hori gainditzeko, Landarteri interesatzen zaiona da “beste leku batetik errealitatea birpentsatzea”. “Betidanik izan da desoreka bat kultur arloan hiri eta herri txikien artean eta hiritik azaldu digute beti landa eremua zer den eta nolakoak garen hor bizi garenak. Desoreka horren aitzinean, gure hurbilketa propioak sortu behar ditugu eta guretzat inportantea da hori haustea, landa eremua aisialdirako udako eremu bat denaren irudia”, dio Badalek. Hori da Landarteren helburua beraz eta hamar urtez hori egiten aritu dira. Lanaren fruituak ere bildu dituzte dagoeneko eta biltzen segituko dutela argi dute, landa eremutik pentsatzen eta sortzen duten bitartean.