Euriak ez ditu gelditu Bidasoa eta Bortzirietako mobilizazio feministak

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Bidasoko kaleak aldarriz bete ziren. Eguraldi txarrak eta euriak ez zituzten mobilizazioak geldiarazi, eta Hendaia, Hondarribia eta Irunen hainbat ekimen egin zituzten indarkeria matxistaren aurka eta feminismoaren alde.

M8 Asanblada Feminista Bidasoak antolatuta, eskualdeko hiru herriak lotu zituen mobilizazio bira egin zuten, «Faxismoaren aurrean, feminismoa» lelopean. Lehenengo hitzordua Hendaiako tren geltokian izan zen. Bertan, elkarretaratzeaz gain, performance bat egin zuten. Ondoren, Hondarribian bildu ziren, Martxoak 8 plazan, eta azken hitzordua Irunen izan zen, arratsaldeko 19:30ean, Luis Mariano etorbidean.

Urtero bezala, M8 Asanblada Feminista Bidasoak eskualdeko eragile feministak elkartu zituen ekimen hauen bidez. Asanbladako kide diren Hondarribiko Emeki, Irungo Gaurko Andreak eta Hendaiako Bagera elkarteek, beste eragile batzuekin batera, indarkeria matxistaren aurkako aldarria kalera ateratzeko deia egin zuten.

Bestalde, Bidasoko ITAIAk ere mobilizazioa egin zuen Irunen, arratsaldeko 19:00etan, San Juan plazan, «Indarkeria matxistaren aurka, borrokatu» lelopean. Elkarteak azpimarratu zuen indarkeria matxistaren aurkako borrokak urte osokoa izan behar duela, eta bereziki ohartarazi zuen diskurtso erreakzionarioen eta feminismoaren aurkako mezuen normalizazioaren aurrean antolatzeko beharraz.

Lesaka, Etxalar eta Beran ere jende andana elkartu zen Indarkeria Matxistaren aurka

Etxalarko Añarra talde feminista, Xulufrinak Lesakako Sare Feminista eta Goldatz Berako Emakume Talde Feminista izan ziren mobilizazioak deitu zituzten eragileak. Argi adierazi zuten ‘ez ginela gibelera egiteko jaio’. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarriak jarraiki, oroitarazi zuten garai zailak bizi ditugula. Irakurketan aipatu zuten sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak egitura guztiak martxan dituela zapalkuntzak betikotzeko. Horren aitzinean, antolatzen jarraitzeko eta norberak bere erantzukizunak hartzeko deia luzatu zuten.


Indarkeria matxista desagerrarazteko borrokak jarraitzen du, izan ere, azaroaren 25eko elkarteratzeaz gain bertze hainbat ekintza antolatu dituzte bortzirietako talde feministek.
Zehazki Beratarrek, etxe barruan pairatu daitezkeen indarkeria matxistak azaleratuko dituzte Dom Campristronen Etxean liburuaren aurkezpen drageatuarekin. Lesakarrek errezital musikatua antolatu dute indarkeria matxistei musika eta hitzak paratzeko. Haizea Loira Matxiñena ipuin kontalariaren eskutik Horrela, euriari aurre eginez, Bidasoko hainbat herritarrek kaleak hartu zituzten azaroaren 25ean, indarkeria matxistarik gabeko gizarte baten aldeko konpromisoa berretsiz. Mezu argia zabaldu zuten: feminismoa antolakuntzaren eta borrokaren bidez defendatu beharra dago.