Kiroletik irratsaioak jaso du Hezkuntza eta Kirola kategoriako 2026ko Mugako Saria

Antxeta Irratiko uhinen bitartez zabaldu zen duela 11 urte lehen aldiz Kiroletik emanaldia Behe Bidasoako lurraldera. Gaur egun Paola Oskoz eta Jean Pierre Harocarenek gidatzen dute saioa, eta kirol diziplina anitzak barnebiltzen dituen informazioa Bidasoa ibaia zeharkatzen duten herri guztietara zabaltzeaz gain, multimedia izaera ere hartu du proiektuak. 

 

Mugako Sariak 2026 izan da Peio Martikorena Fundazioak bigarren urtez errealitate bilakatu duen sari banaketa. Askotariko arloetatik abiatuta, fundazioak adierazi du «gure mugako lurraldea bizirik mantentzeko lanean ari diren pertsonak, elkarteak, erakundeak eta kolektiboak» daudela proiektu hauen gibelean.

Aniztasunean eta kalitatean oinarritutako 17 hautagaitza hiru kategorietan banatu dituzte: 

Hezkuntza eta Kirola

Bortz hautagaitzaren artean, PausuMediaren Kiroletik irratsaioa saritu dute. Inklusioarekiko, hezkuntzarekiko eta gizarte-partaidetzarekiko konpromisoa nabarmendu dute, eta hezkuntzaren eta kirolaren bidez aukerak sortzeko duen gaitasuna baloratu dute. Finean, mugaz gaindiko lurraldeko pertsonen eta komunitateen arteko komunikazioa, partaidetza eta harremanak sustatzen egindako ekarpenagatik saritu dute irratsaioa. 

 Paola Oskozek, Antxeta Irratiko kazetariak, jaso du saria aurten:

«Sinisten dugu kazetariok badugula jendea hezteko ardura. Kirola iruditzen zaigu aitzaki ederra dela gure gizartea justua eta berdinzalea garatzeko».

Kultura eta Artea

Zazpi hautagaitza jaso dituzte; kultura-sorkuntza, ondarea, nortasuna, ezagutzaren transmisioa eta kultura-adierazpenerako eta partaidetzarako modu berriak balioan jarri dituztenak. LEB (Lengoaia Eszeniko Berriak) proiektuak jaso du atal honetako saria. Kultura sorkuntzaren eta berrikuntzaren aldeko proposamena izateagatik eta lurraldeko kultura-jarduera dinamizatzen laguntzeagatik suertatu da garaile. 

Ekintzailetza

Bertze bortz proposamen jaso dituzte. Atal honek pertsonen eta kolektiboen ekimena eta sormena erdigunean jartzen ditu, aukera berriak sortzeko eta lurralde beharrei erantzuteko. 

Garai Dendarieta Escuderoren Sistema hidroponikoan kimuak hazteko kamera klimatiko automatizatu baten diseinua eta ezarpena izan da garailea. Garapenerako eta jarduera ekonomikorako aukera berriak sortzeko duen potentziala azpimarratu dute.