23. KORRIKA Berara ailegatuko da igandean, martxoaren 24an, goizaldeko 4:00ak aldera. Baionara ailegatu baino ordu batzuk lehenagotik pasatuko da Bortzirietako herritik eta hori ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte ortziraletik hasita.
Ortziralean, martxoaren 22an, Bizkarsoro filma emanen dute Beralandetan, 19:00etan. UEMAk eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatu dute eta filmean parte hartu duen kideetako bat ere gonbidatu dute bertara. Horrez gain, Barraskilo Gazte Taldeak autobusa antolatu du igandean Baionara joateko, Korrikaren bukaera ikusteko. 9:00etan abiatuko dira Beratik eta 19:30ean bueltatuko dira. Txartelak Errekalde ostatuan daude salgai, 15 euroen truke.
Musika ere izanen da protagonista asteburuan herrian. Larunbat eguerdian "Popperra, afterra, utopia" narrazio musikatua izanen da Beralandetan 13:00etan eta arratsaldean berriz, Rudigerrek kontzerua eskainiko du, 19:00etan, Kultur Etxean. Azken hau ikusteko sarrera eskuratu beharko da online edota egunean berean, 10 euroen truke.
Azkenik, Estitxu Pinatxo Berako kultur zinegotziak Baztan-Bidasoako bertso-papel lehiaketarako lanak aurkezteko epea irekia dagoela oroitarazi nahi izan du.