Bidazi elkarteak denda sortu zuenetik 10 urte pasa dira, nahiz eta elkarteak berak 14 bat urte daramatzan lanean. Ekologiko etiketa duten produktuak saltzen dituzte, hori baita elkartearen helburu nagusia, ahal bada hurbilean ekoitzitakoak. Elikagaiez gain, garbiketarako produktu ekologikoak, baita bakoitzaren higiene pertsonalerako produktuak ere, saltzen dituzte. Hasiera batean soilik bazkideei irekia zegoen denda, baina orain edozein bezero hurbiltzen ahal da eurengana erosketak egitera.
Urteetan zehar hainbat erronkei aitzin egin diete, eta orain errelebo faltaren gaiak kezkatzen ditu elkarteko kideak. Gauza berriak egiteko jende berriaren laguntza faltan somatzen dute eta hamargarren urteurrena horretarako baliatu nahi dute. Edonola ere, gogoz eta ilusioz hartu dute ospakizunen antolaketa eta, urrira bitarte, hainbat ekitaldi desberdin antolatu dituzte, bazkideentzat eta ez bazkideentzat.
Joxerra Lopez, Koro Irazoki eta Hasier Irazoki Bidazi elkarteko kideekin izan gara solasean.