Ekonomia eskola feministaren hirugarren zikloa eginen du AraGorputzek Beran

Paola Oskoz 2024ko urr. 9a, 11:14

Urriaren 26an eginen dute hirugarren ziklo honen lehen saioa eta guztira, sei aldiz elkartuko dira Berako Beralandetan, 2022an hasitako prozesuari segida emateko. Izen emateak oraindik irekita daude, urriaren 19ra arte. 

Mundu Bat fundazioak eta AraGorputz elkarteak antolatuta, urritik aitzinera martxora bitarte, Ekonomia Eskola Feministaren hirugarren zikloa eginen dute Beran, Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako interesa duen emakume* orori irekita. 2022an hasi ziren proiektu honekin eskualdean eta prest dituzten bederatzi moduluetatik azkenekoekin segituko dute ikasturte honetan. 

Abya Yalan erresistentzian dauden emakumeek* abiatutako proiektuan oinarritutako ekimena da AraGorputzek eta Mundu Bat fundazioak sortutako Ekomonia Eskola Feminista, euskaratuta eta Euskal Herriko testuingurura egokituta. Oarsoaldean lehen esperientzia eduki ondotik, Bortzirietan ari dira orain lanean eta Enara Iruretagoiena AraGopurtzeko kideak azaldu bezala, hirugarren zikloarekin segituko dute aurten. 

Patriarkatua, neoliberalismoa eta bertzelako gai mamitsuak landuko dituzte, beti ere proiektu honetan ohikoa den metodologia erabiliz. Teorizatu baino, partehartzaileen bizipenetatik abiatuko dira, ideia kolektiboak azaleratzeko eta modu kolektiboan ere, emakume* guztiei eragiten dizkieten arazoei aitzin egiteko.

Urri bukaeran hasiko dira hirugarren zikloarekin eta guztira, sei saio eginen dituzte, denak ere larunbat goizetan Berako Beralandeta aretoan, 10:30etik 13:30ak arte. Saioak urriaren 26an, azaroaren 30ean, abenduaren 21ean, urtarrilaren 25ean, otsailaren 22an eta martxoaren 15ean izanen dira.

Proiektua 2022an hasi bazen ere, partehartzaile berriak onartzen dituzte oraingo zikloan eta izena emateko epea ere irekita dute oraindik, urriaren 19ra arte. Horretarako, info@aragorputz.eus helbidera mezu bat igorri beharko da.