Lagun Artean elkartea urteak daramatza Guatemalako herrialdeko hainbat proiektu desberdinekin lanean, tartean emakume elkarte batzuekin harremana du. Horietako biren ordezkariak Euskal Herrian daude emakumeen inguruko hezkuntza proiektu bat aitzinera eramaten. Hain zuzen ere, Oxlajuj-Eko koordinatzaile Carmen Cuj Chopen de Chumil eta CEIBAko koordinatzaile Awex Mejia Cipriano Guatemalatik etorri dira, Euskal Herriko ikasleekin euren hezkuntzaren inguruko xehetasunak ematen, emakumeengan arreta jarriz, eta aldi berean, hemengo hezkuntza sistema ezagutzen.
Berako Ricardo Baroja ikastetxeak ere harreman estua du aspaldidanik Lagun Artean elkarteakin, baina lehen aldia da elkarrekin proiektu bat aitzinera eramaten dutena. Cuj eta Mejia Euskal Herrian daudela aprobetxatuz, solasaldi bat antolatu dute Berako ikasleekin batera, heldu den astelehenean, urriaren 28an. Iratxe Ugalde Zarate Lagun Artean elkarteko kideak azaldu duenez, "espazio partekatu bat" sortu nahi dute Guatemalako emakumeen eta Berako ikasleekin batera, "elkarren artean ezagutzak partekatzeko, elkarrekin berri edukitzeko eta bertako eta hango jendearen jakintzak aberasteko", beti ere hezkuntzaren inguruan, eta bereziki "emakumeengan fokua jarriz".
Bezperan, urriaren 27an, Beran Lurraren Eguna ospatuko dutenez, hitzordu hori ere aprobetxatu dute Lagun Arteak-ek Guatemalako komunitate desberdinetako produktuak erakusteko eta saltzeko eta elkarteen berri emateko.
Iratxe Ugalde Zarate, Lagun Artean elkarteko kidea.