Mintzodromoa antolatu du Solaslagun ekimenak Elizondon eta Beran

Paola Oskoz 2024ko aza. 27a, 12:36

Azaroaren 28an eta 29an Elizondon eta Beran eginen dute Mintzodromoa, hurrenez hurren. Solaslagun ekimenak antolatu du ekintza, euskaraz lasai aritu eta euskaraz konpartizeko gunea sortzeko. 

Elizondon eta Beran eginen dute datozen egunotan Mintzodromoa ekintza, Solaslagun ekimenak antolatua. Euskaraz aritzeko gune bat sortu nahi dute honekin, batez ere hizkuntza ikasten ari direnek lotsa gal dezaten eta ohartu daitezen gai ezberdinen inguruan eta jende ezezagunarekin mintza daitezkeela.

Mintzodromoaren dinamika azaldu du Metxe Gerriko Solaslagun ekimeneko koordinatzaileak: "Lauko taldeetan banatuko dira eta 20 minutuz gai desberdinen inguruan mintzatuko dira. Guztira hiru gai izanen dituzte eztabaidatzeko". Helburua euskara ikasten ari diren horiek lotsa galtzea eta euskaraz lasai aritzea izanen da, baita euskalzaleak diren herritarrak ezagutzea, euren arteko harremana sortuz eta euskara praktikatzeko bertze elkargune batzuk ere aurkitzeko. 

Ortzegunean, azaroaren 28an, Elizondon izanen dira, Arizkunenea kultur etxean, 18:00etatik 20:00etara. Ortziralean berriz, azaroaren 29an, Berako Beralandetan eginen dute hitzordua, 16:30etik 18:30era. Izen ematea oraindik ere irekia dago, solaslaguna@topagunea.eus helbidera idatzita.