Euskara eta feminismoaz arituko dira heldu den larunbatean Beran

Ekhiñe Zapiain 2025ko urt. 23a, 07:00

Larunbat honetan, urtarrilaren 25ean Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelek Hizkuntza generoa, euskara eta feminismoa, elkargunean hitzaldia eskainiko dute Beran. Eguerdiko 12:30etan jarri dute hitzordua, Beralandetan.

Azken urteetan lan kolektibo handia egin da hizkuntzaren eta generoaren arteko harremanetik abiatuta, eta tartean, Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel aritu dira horretan. Heldu den larunbat honetan Beran eskainiko dute solasaldia eta egin duten bidearen lagin bat azalduko dute bertan. Hizkuntzak eta generoak bere hutsean duten harremanetik abiatuko dira, ondotik euskararen kasuan hori nola gorpuzten den mamitzeko. Bukaeran, guzti hau praktikoki nola gauzatu daitekeen azaltzea da asmoa. Lorea Agirre bera izan dugu gurean larunbateko hitzorduaz solasean.

Gai zabala da hizkuntzaren eta generoaren artekoa, eta errez ulertzeko gisan eskaini digu ulertu beharreko lehen gakoa Agirrek: «Gure inguruko hizkuntza gehienetan gertatzen da hizkuntzaren praktikan genero aldagai bat dagoela. Emakume edo gizon gisa sozializatuak edo izendatuak gara, eta horrek hizkuntzarekiko dugun harremana baldintzatzen du». Horri gehituko diogu bizi garen gizartea bera sexu-genero sisteman oinarritzen dela eta honek ekartzen duela espazioak, lanak, rolak… generoaren arabera banatzea. Bistan dena, hizkuntza ere ez dago honetatik salbu.

Hori izanen da larunbateko solasaldiaren abiapuntua, eta ondotik, euskararen kasuan hori nola gorpuzten den erakusten saiatuko dira hizlariak, kontuan izanda diglosi egoeran dagoen hizkuntza gutxitua dela gurea. Honen ostean, feminismoak eskainitako intersekzionalitatearen gaia landu nahi lukete, «interpretazio hauek eginda eta datuak ikusita, praktika politikoan edo herri mugimenduan euskalgintzak eta feminismoak zein elkarlan egin dezaketen ikusteko».

Izan gaitezke feminista euskaltzale izan gabe?

Eskisabel eta biei gai honekiko interesa duela hamarkada bat baino gehiago piztu zitzaiela azaldu digu Agirrek, Arrasatetik hitzaldi baterako gonbita luzatu zietenean. Hitzaldiaren izenburua galdera bat zen: Izan gaitezke feminista euskaltzale izan gabe? Antropologiako masterrean zebiltzan biak eta bertan ere landua zuten zeozer horren inguruan. «Hau da galdera» deliberatu zuten, eta irakurtzen, lantzen eta edukiz janzten hasi ziren orduan. Han-hemenka hitzaldiak eman eta urte batzuetara jaso zuten Jule Goikoetxea editorearen eskutik Lisipe bildumako saiakera egiteko proposamena eta 2019an argitaratu zuten horrela Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara. 

Galderara itzuliz, eurek baiezkoa erantzunen luketeela argitu digu Agirrek: «Gure tesia da biak elkarrekin izan behar dutela, arrazoi askorengatik. Euskal Herrian feminista bazara, euskaltzalea ere bai; eta alderantziz: euskaltzalea bazara feminista ere bai» azaldu du. Horrek ordea, talka bat dakar errealitatean: «Gero egia da euskaltzale gehienak ez direla femiinistak, eta feminista gehienak ez direla euskaltzaleak. Hori errealitate bat da baina guk esan nahi duguna da zergatik ikusten dugun horrela izan behar dela. Zergatik den hori koherentea, eta zer dagoen hor gibelean».

Euskararen feminizazioa

Azken urteetako ikerketak erreparatuta ere badago zer hausnartua: gazteak amaren hizkuntzari omen dira fidel, eta buruari gehiegi eragin gabe pentsa genezake zaintza-lanak emakumeen esku uzteak ekartzen duela hori. Gizarteak emakumea eta gizona leku ezberdinetan kokatzen baditu, honek nahitaez izanen du eraginik hizkuntzaren bueltan.

Urte luzez euskararen aldeko borroka, honen zaintza, transmisioa… emakumeen esku utzi da gurean: « Euskararen feminizazio baten hipotesia dago, eta kontu ugari gurutzatzen dira hor», erran digu Agirrek. Azken urteetako datu soziolinguistikoetan antzeman daiteke honen eragina; izan ere, adin tarte guztietan argi ikusten da neskek darabiltela euskara mutilek baino gehiago, eta honekiko atxikimendu gehiago dutela, gainera. Guzti honen inguruan zerbait gehiago ikasi nahi duenak asteburu honetan izanen du aukera Beran.