Berako Udalak eta Ehiza eta Arrantza elkarteak elkarlanean, erreka bazterren garbiketa antolatu dute uztailaren 19rako. Altzateko plazan eman dute hitzordua, goizeko 9:00etan, eta hiru talde osatuko dituzte Bidasoa ondoko ibaibidea, Matzada eta Iturlandetako erreka bazterrak auzolanean garbitzeko.
Zaborra bildu eta traban dauden enbor eta landaredia kenduko dutela iragarri dute. Auzolanean parte hartzeko, izena eman behar da aitzinetik 9:00etatk 13:30era udaleko telefono honetara deituz 94 863 00 05 edo helbide elektroniko honetara idatziz bera@bera.eus Izena emateko azken eguna uztailaren 17a izango da. Iragarri dutenez, motozerrak eta sasiak garbitzeko makinak beharko dira, eta erreminta horiek izan eta erabiltzeko prest daudenek, apuntatzerako garaian erran beharko dute. Gainerakoan, zabor bilketarako eskularruak eta oinetako egokiak ekartzea gomendatzen dute. Eta tresneria duenak ere eramateko deia egin dute: aihotza, igitaia, aizkora, zerra....
Berako Udalak herritar denak animatu ditu auzolanean parte hartzera. Ekitaldia bukatzeko 13:00etan hamaiketakoa izanen da Ehiza eta Arrantza elkartean.