Egun handia ospatuko dute heldu den larunbatean, uztailaren 19an, Beran. Toki Ona polikiroldegiaren bueltan saskibaloiarekin lotutako besta antolatu du hamargarren aldiz Toki Ona Bortziriak saskibaloi taldeak. Urtero moduan, 3x3 txapelketa solidarioa izanen da; goizean kuadrilen arteko lehia eginen dute, ondotik bazkaria, eta arratsaldean elite mailako txapelketa. «Eguraldiari begira baina dena ongi lotuarekin» daudela adierazi digu Mikel Irazoki beratarrak. Hasieratik ari da txapelketaren antolatzaile lanetan, eta egunaren xehetasunak eman dizkigu irratian.
Izan ere, taldeko kide bati lotuta hasi ziren Beran 3x3 txapelketa solidarioa antolatzen. Esklerosi anizkoitza du berak, eta Ademgi elkartean sartu zen hori dela eta. Elkarteak berak Aretxabaletan saskibaloi txapelketa bat antolatu zuen bertako bertze kide bat saskibaloi jokalaria zelako baita ere, eta honen berri izatean txapelketa honetan bertan parte hartu zuten beratarrek. «Asteburu oso bat joan ginen Aretxabaletara, eta oso-oso polita izan zen. Ikaragarri ongi pasatu genuen», adierazi digu Irazokik.
Hala, ideia gustatuta, Beran antzeko zerbait egitea pentsatu zuten, eta horrela sortu zen 2014. urtean Berako 3x3 txapelketa solidarioa. Aitzineko urteetan bi egunetako egitaraua prestatu izan dute, baina aurten, egun bakarrean beteko dira saskibaloi-zelaiak. Hala ere, egun potoloa dute antolatua, hurrengo hitzorduz osatuko dutena:
-
09:30: Inskripzioa
-
10:30: Kuadrilen arteko txapelketa
-
14:00: Paella herrikoia
-
Arratsaldez: Elite txapelketa
-
Egun osoan zehar, tonbola, barra, musika eta sorpresak.
Mende erdi bat saskibaloiko baloiak jaurti eta jaurti
Urteurrena du txapelketak, baina aldi berean, urteurrena du talde antolatzaileak ere bai. Toki Ona Bortziriak taldeak mende erdi bete du aurten, 25 urte. Irazokik azpimarratu du «egundokoa» izan dela urte hauetan guztietan taldeak lortu duena. Toki-Ona institutuko guraso batzuen ekimenez sortu zen saskibaloi taldea herrian, eta jokalariak gehitzen joan ziren heinean handitzen joan zen taldea. «Urteren batean 70 kide inguru izatera ailegatu ginen. 6-7 entrenatzaile ginen, eta maila eta adin ezberdinetako taldeak» erran digu, eta azpimarratu du borondatez egin izan dutela eta egiten dutela lan taldearen bueltan ibilitako guztiek.
Hala ere, pandemiaren etorrerarekin taldeak gainbehera bat bizi duela seinalatu digu beratarrak: «Ezin zen konpetitu, ezin zen entrenatu ere ez… Urte bat edo urte eta erdiz, kasik bi urtez egon zara hor deus ere egin gabe… Iaz bi entrenatzaile ginen, bi talde. Ez genuen konpetitzen, eta azkenean, akaso, guri bideratu ziguten bezela guk ez dugu jakin ongi bideratzen bertzeei, gazteei». Nolanahi ere, etorriko dena etorriko dela, egindakoaz harro daude taldeko kideak, eta «oroitzapen oso politarekin» geldituko direnaren dudarik ez dute
Balioak ere jokoan jarriz
Urte hauetan saskibaloiaren joko-jolasaren bidez «balio batzuk transmititzeko lana» egiten ahalegindu direla onartu digu Irazokik, eta heldu den larunbat honetan ere horretan arituko dira Berako zelaietan. Goizean zehar giro informalagoa izanen du txapelketak, eta kuadrilen arteko lehia izanen da nagusi. Talde bakoitzak gehienez federatuta dagoen jokalari bat izan beharko du, eta «arauak jakin gabe ere edornor» aritu daitekeela azpimarratu du antolatzaileak.
Arratsaldekoa mugatuagoa izanen da, eta oro har saskibaloian jokatzen dutenek izanen dute lehian aritzeko aukera. Euskal Herri osotik hurbildu izan da jendea bertze edizioetan, eta aurten ere hala izatea espero dute. Berako herriaren kokalekua dela eta, «elkargune bat» dela azpimarratu du Irazokik, eta beraz, bertze herrietako jendeak Berako txapelketaren aitzakia aprobetxatzen duela jende berriarekin saskibaloian aritzeko.
Nahi duen orori zabaldu diote modu batean zein bertzean larunbatean parte hartzeko gonbita, eta zalantzarik izanez gero Toki Ona Bortziriak taldearen sare sozialetan edota hurrengo telefono zenbakietan kontsulta egiteko deia zabaldu dute.
-
673 26 83 83 (Ramuntxo)
-
659 73 06 50 (Mikel)
-
647 58 88 61 (Jon)