Agerrako bestak

Nagore Arretxea: «Agerrako bestak guztientzat izan daitezen saiatzen gara. Gure eskuetan dagoena egiten dugu horretarako»

Ekhiñe Zapiain 2025ko abu. 22a, 12:11

Abuztuaren 28tik 31ra ospatuko dituzte aurten Berako Agerra auzoko bestak. Nagore Arretxea auzokidearekin biltzeko aukera izan dugu eta lau egunetako besta egunen gibelean dagoenaz aritu gara solasean. Aurten ere «denetik pixka bat» izanen dute.

Agerra da Beran biztanle gehien biltzen dituen auzoa, eta hurrengo astean ederki nabarituko da hori. Urtero moduan, abuztuaren hondarrean (28tik 31ra) auzoko bestak ospatuko dituzte eta Nagore Arretxea auzokideak aipatu digu buru-gorputzak horretan ipiniak dituztela jada: «Erranen nuke urteko egun potenteenak izaten direla auzoan, baina baita lan gehien dutenak ere bai». Izan ere, eskaintza zabala prestatu dute aurtengoan ere, lau eguneko egitaraua osatuz.

1979. urtean hasi ziren auzoan bestak antolatzen, eta geroztik, urtero-urtero eman zaie segida. «Nire aita zena antolakuntzan ibiltzen zen eta nik ttiki-ttikitatik bizi izan ditut», erran digu Arretxeak. Pandemiaren ondorioz bi urteko geldialdia egin behar izan zuten, eta beraz, egiten hasi zirenetik aurten 47 urte beteko diren arren 45. edizioa izanen dute Agerrako bestek.

Urte hauetan guztietan, auzolanean antolatu dituzte bestak, auzoko bertze hainbat kontu bezela: «Erranen nuke auzolana dela gure auzoko hitza, eta auzolanean egiten ditugula gauza gehienak. Bestak antolatzeko whatsapp talde bat dugu, auzoko edozeinek parte hartzen ahal duena. Gainera, komertzioetan kartelak jartzen ditugu antolakuntzan nahi duenak izena eman ahal izateko. Gero ekintza ezberdinak prestatzeko taldetxoak egiten dira, eta besten bezperetako muntaia ere irekia dago nahi duenak parte hartzeko», azaldu du Arretxeak.

Denek lekua izateko bestak

Aurten ere eskaintza zabala antolatu dute, «denetik pixka bat» izateko, eta auzokoez gain kanpotik joaten direnek ere goza dezaten. Hitzordu zerrenda luzea dute prestatua.

Abuztuak 28, ortzeguna
  • Egun osoan zehar Agerra Cup kirol txapelketa.

  • 20:30ean afari autogestionatua karpan.

Abuztuak 29, ortziralea
  • 17:00etan tortilla lehiaketa.

  • 18:30ean Agerra kantari.

  • 20:00etan altxaferoa, haurren eta helduen danborrada.

  • 21:30ean auzo afaria.

  • Afalondoan musika mexikarra.

  • Ondotik, dantzaldia J&J DJarekin.

Abuztuak 30, larunbata
  • 10:00etan plater tiroa Ehiza eta Arrantza elkarteak antolatuta.

  • 11:30ean frontenis txapelketako finala.

  • 12:00etan erraldoiak eta buruhandiak Irats taldeko trikitilariekin.

  • 15:00etan haurrentzako jokoak.

  • 18:00etan kros herrikoia Luis Mari Apeztegiaren oroigarria.

  • 20:30ean Gure Txokoa Dantza Taldearen emanaldia.

  • Ondotik, suzko zezena.

  • Gero, bokata jatea karpan.

  • 22:00etan Trikilatz taldearekin dantzaldia.

  • Ondotik, Perry DJa.

Abuztuak 31, igandea
  • 11:30ean erraldoiak eta buruhandiak gaiteroekin.

  • 12:00etan meza.

  • Ondotik, apar besta.

  • 12:30ean mutxikoak zelai gorrian.

  • 14:30ean auzo bazkaria Fer eta Beñat musikariek alaiturik.

  • Pontx pailazoaren Denak plazara ikuskizuna zelain gorrian.

  • 18:00etan txokolate jatea plazan.

  • Ilunabarrean afari autogestionatua karpan eta bingoa.