Udazkena loratzen

Kotto Alzuguren gogoratuko dute heldu den udazkenean Beran

Ekhiñe Zapiain 2025ko abu. 27a, 10:34

2025eko urriaren 31n 20 urte beteko dira Kotto Alzuguren beratarra Soriako espetxeko ziegan hilik aurkitu zutenetik. Urteurrena baliatuta, Espidobaita elkarteak hitzordu ugari antolatu ditu herrian udazken honetarako. Horietatik nagusiena azaroaren 1ean izanen da, herri ekimenez sortutako Loratzen dokumentalaren proiekzioa izanen dena, hain zuzen.

Kotto Alzuguren Beran sortu zen, eta bizitzan zehar ibilbide sakona egin zuen bertan, gizarte mugimendu ezberdinetan parte hartuz. Herriko Espidobaita elkarteak hori nabarmendu du hartaz: «Kirola maite zuen, futbolari eta mendizale amorratua zen; Berako kultur ekimen guztien laguntzaile eta parte hartzaile nekaezina zen; zurgina; euskararen nahiz Euskal Herriaren defendatzaile sutsua; baita zinegotzi izandakoa ere. Baina ez zuen bide erraza izan, itzal handiko zuhaitzei gertatzen zaien bezalaxe». Izan ere, bitan atxilotua eta espetxeratua izan zen Alzuguren, eta torturak salatu zituen. Bigarren atxiloaldiaren ostean, 2005eko urriaren 31n Soriako espetxean hilik aurkitu zuten.

Alzugurenekin zuhaitzaren irudia alderatuta eta metaforari tiraka, Berako Espidobaita Elkarteak Loratzen dokumentala sortzeko crowfounding kanpaina jarri zuen martxan pasa den ekainean, eta osatze-lanetan dabiltza orain. «Zuhaitzak, edozein izaki bizidunak bezala, haren bizitzan ziklo ezberdinak zeharkatzen ditu. Adaxkaren zaurgarritasuna, gaztetasunaren grina, heldutasunaren sendotasuna, eta azken urteen zimeldura motela. Tartean, ordea, badira aizkoraz edo motozerraz moztu eta hiltzen dituzten zuhaitzak. Horrela irudikatzen dugu espetxe politikaren ondorio lazgarrienak bizi izan dituzten hainbat herritarren kasua, mendeku politikak baldintza gizagabeetan azken mugaraino estutu eta bizitzen jarraitzeko indarrak galarazi izan dituztenak»adierazi zuten egindako prentsaurreko batean.

Dokumentalaren estreinaldia hurbiltzen ari dela aprobetxatuta, eta egitaraua osatzeko asmoz, Udazkena loratzen zikloa antolatu dute. Azaroaren 1eko goizean estreinatuko dute dokumentala, baina horrez gain bertso saio musikatua, hitzaldia zein bazkaria antolatu dituzte. Hauek dira prestatu dituzten hitzorduak

Irailak 28 igandea

  • 17:30ean Telletxeko lorategian bertso saio musikatua.

    Bertsolariak: Miren Artetxe, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto eta Ekhiñe Zapiain.

    Gai-jartzaileak: Maddi Ane Txoperena eta Alaitz Rekondo.

    Musikariak: Araitz Bizkai eta Aitor Mitxelena.

Urriak 10 ortziralea

  • 19:00ean Espidobaita Elkartean argazki erakusketa eta hitzaldia.

    Torturaren arrastoak

Urriak 31 ortziralea

  • Kottoren heriotzaren 20. urteurrena.

Azaroak 1 larunbata

  • 11:00ean Berako Kultur etxean Loratzen dokumentalaren estreinaldia.

  • Ondotik poteoa Kuxkuxtu txarangarekin.

  • 14:30ean bazkaria Zubiondo jatetxean.

Azaroak 2 igandea

  • Goizean zehar ibilaldia Otsandara eta omenaldia bertan

Loratzen dokumentalaren teaser-a ikusgai dago jada. Sare sozialetan ari dira azken berriak ematen.