berako bestak

Berako bestetan izandako erasoak salatu dituzte herriko hainbat eragilek

Ekhiñe Zapiain 2025ko ira. 15a, 20:36

Iragan den abuztuan, Berako bestetan egin ziren erasoak gaitzetsi dituzte Berako hainbat eragilek eta norbanakok gaur herriko plazan bertan egindako prentsaurrekoan. «Pankartak erre, herriko guneak xehatu, ostatuetako komunak hautsi, altzariak harrika bota, ostatuetako estintoreak barran hustu, bestetarako paratzen diren komunak eta kontainerrak errekara jaurti, ostatuetako espazioa erabat bereganatu, txoznako txandalariak jarrazi eta eraso matxista, arrazista eta homofoboak salatzen dituztenak artatzeko jaima behin baino gehiagotan erre» izana salatu dute.

Jende ugari bildu da gaur Berako plazan egindako prentsaurrekoan, herriko bestetan gertaturikoa salatzeko. Hain zuzen, mahaiaren bueltan hainbat herritar eta hurrengo eragileen ordezkariak elkartu dira: Txozna batzordea osatzen duten Espidobaita elkartea, Barraskilo gazte taldea eta Goldatz Berako talde feminista, baita udal ordezkariak, Bortzirietako berdintasun teknikaria, Labiaga Ikastola, eta Berako ostatuetako ordezkariak ere.

Argia izan da bidali duten mezua: «Herri mugimendua Berako bestak guztiok ongi pasatzeko gune segurua izateko lanetan ibili da hilabete luzez. Mugimendu feministak urteetan egindako lanari jarraituz, erasoen kontrako protokoloak berritu dira, berdintasun zerbitzutik erasoen kontrako informazio gunea jarri da, erasotuentzako puntu morea eta txoznagunean erasotuak artatzeko txokoa egokitu dira, karriketan sentsibilizaziorako eta informaziorako kartelak eta pankatak jarri dira eta ostatuek protokoloa bereganatu dute, bertzeak bertze. Egindakoak eginda ere, badirudi gure lana ez dela denon gustokoa izan eta batzuk zakarkeriaz bete dituzte gure herriko bestak», azaldu dute. 

Tamalez, ezer berririk ez

Prentsaurrekoa eman duten eragileek lehendik ezagun dugun maskulinitate erasokorraren erakustalditzat hartu dute herriko bestetan gertaturikoa. «Eraso guzti hauek ez dira kasualitatea. Jendartearen oinarrian dagoen gizontasunaren ereduak sortzen ditu portaera hauek», adierazi dute. Izan ere, joan den udazkenean eskualdeko mugimendu feministak agerraldia egin zuen gisa bereko jarrerak eta inguruko herrietako bestetan izandako erasoak salatzeko.

Hala, aurtengo bestetan izandako erasoak zerrendatu dituzte banan-bana:

  • Herriaren askapenerako ezinbertzekoak diren aldarrikapenen pankartak erre izana
  • Guztionak diren herriko guneak xehatu izana (tartean Toki-Ona institutuko negutegia)
  • Ostatuetako komunak hautsi eta altzariak harrika bota izana
  • Ostatuetako estintoreak barran hustu izana
  • Espazioa erabat bereganatu eta haien harteko harrokeria eta indarkeria erakustaldi bilakatu izana
  • Txoznako txandalariak jazarri izana
  • Eraso matxista, arrazista eta homofoboak salatzen dituztenak artatzeko txoznaguneko jaima behin baino gehiagotan erre izana
  • Abuztuaren 2an herriko plazan Txiki eta Otaegi oroitzeko pankarta kendu izana
  • Txupinazoa bota zen momentuan plazan oihu eta errespetu faltak egon izana.

Memoria historikoa balioan jarri eta honek herri baten nortasuna eraikitzerako orduan duen garrantzitzia erdigunera ekarriz, azpimarra berezia egin dute erranez «ez dutela onartuko frankismoa zuritzen duen jarrerarik edota jarrera faxistarik».

Nahikoa dela errateko ordua

Bukatzeko, erasotzaileei mezu zuzena bota diete herriko eragileek: «Batzuk ongi pasatzeko bertzeak azpiratu behar badituzue ez da guztiontzako besta. Ez dugu zuen indarkeriaren aitzinean amore emanen eta behar bertzetan aitzinean izanen gaituzue. Zuen jarrera biolentoak alde batera utzi arte eta zuen maskulinitate eredua deseraiki arte, ez dugu etsiko».

Aldi berean, indarkeria erakustaldirik egin ez arren modu batean zein bertzean erasotzaileen konplize direnengan ere jarri dute jomuga: «Ez bazara konponbidea arazoaren parte zara. Herri batean, herritarrek onartzen dituzten biolentziak daude. Jarrera bortitz horiek justifikatzea eta pertsona horiek babestea konplize egiten zaitu. Erasotzaileak babestea erasotzaile egiten zaitu. Beraz, hartu dagokizun erantzukizuna».