lanak altzaten

Esteban Agirre: «Moldaketa lanak bukatzean ikusiko dugu merezi izan duela»

Ekhiñe Zapiain 2025eko irailaren 30a

Berako Altzate karrika, herriguneko bide nagusienetako eta ezagunenetako bat dela erran genezake. Xarma berezia du, eta akaso, XVII. mendeko eraikinak izateak ematen dio duen itxura ederra. Alabaina, azpiegitura zahar eta hondatuak izatea ere eragiten dio honek, eta hala, Berako Udalak urtebetean gauzatuko diren moldaketa lanak jarriko ditu martxan hurrengo asteotan. 2025eko urritik 2026ko urrira ezhoiko egoera izanen da Altzaten. Oinezkoak ez ezik, milaka ibilgailu igarotzen dira bertatik egunero, eta arazoak sahiesteko alternatibak prestatu dituztela azaldu digu Esteban Agirre udal zinegotziak.

Aurtengo urritik heldu den urteko urrira mugimendua izanen da Berako Altzate karrikan. Esteban Agirre zinegotziak azaldu digu «azpiegiturak eta sareak erabat berritzea» dela funtsean, kale horretan eginen dituzten moldaketa lanen helburua. Izan ere, adierazi du «orain arte dauden azpiegiturak zaharrak» direla eta «egoera txarrean» daudela: «Trafiko handia dago, euri urak eta ur zikinak nahasten dira eta hornidura urak ere izugarrizko zulo eta ihesak dituzte… horrek guztiak ekartzen du berritzeko beharra, eta hirigintza aldetik ere behar handia dago», adierazi du.

Herritarrak, jakinaren gainean

Ez da inondik ere laburra eta erreza izanen den obra bat gauzatuko dutena. Izanen diren zailtasunez, trabez eta oztopoez jakitun, bilera ireki bat egin zuten joan den irailean Berako Kultur etxean, moldaketen xehetasunak herritarrei adierazteko: «Azken batean, denok dakigu lan zaila izanen dela, eta denok kezkatuta gaude. Jendeak bazuen entzuteko beharra, eta jakin nahi zituzten obraren nondik norakoak. Bilera horretan, gure inpresioa izan zen jendeak eskertu zuela gauzak azaltzeko egindako esfortzua. Badakigu momentu txarrak pasatuko ditugula denok, baina asumitu behar direla, horrelako obrak beharrezkoak direlako», adierazi du Agirrek.

Lanak hasi aitzinetik ere, ideiak eta hausnarketak partekatu dituzte Altzate karrikan presentzia gehien duten herritar horiekin: «Obretako arduradunekin eta Altzateko dendariekin aritu gara solasean, baina karrikaren bueltan dauden ikastetxeetako arduradunekin ere bai. Nahi dugu izanen diren oztopoek ahalik eta eragin gutxien izatea».

Lanen nondik norakoak

Urtebeteko epea izanen dute lan guztiak burutzeko. Baina hala ere, fase ezberdinetan antolatzeko hautua egin dute: «Bi fasetan egiteak hainbat arrazoi ditu; fisikoki azpiegiturak moldatzeko hori zen egokiena, eta aldi berean, horrela auzoan ahalik eta eragin gutxien izatea nahi genuen», erran digu Estebanek.

Lanen lehendabiziko faserako 140 egun, 28 aste denera, beharko dituzte. Asmoa da apirilaren erdialderako bukatzea, eta Eztegara eta Iparraldea karriken artean eginen dutena izanen da. Bigarrenak aldiz, 20 aste irautea aurreikusi dute, eta apiriletik irailera bitartean eginen dituzte lanak. Bukatzeko, azken fase txiki bat eginen dute azken xehetasunak egiteko, lau aste iraunen duena. Hala ere, hauek aurreikuspenak bertzerik ez dira, eta egin bitartean ikusiko dute epe errealak nolakoak izanen diren.

Alternatibak prest

4000 ibilgailu baino gehiago igarotzen dira bataz bertze egunero Altzateko karrikatik. Beraz, erran gabe doa aldaketa prozesuak oztopo ugari eraginen dituela. Horretarako, Udaletik alternatiba batzuk dituzte esku artean: «Altzate karrika ezinen da osorik zeharkatu, eta bi gauza egin ditugu horren baitan. Alde batetik, obratik kanpo oinezkoak pasatzeko ibilbidea eginen dugu, eta kotxeentzako sahiesbide bat prestatuko dugu. Badakigu hau gatazkatsua izanen dela, sahiesbide horretan puntu zailak daudelako, baina haalik eta arazo gutxien izateko planteamendu bat dugu. Hala ere, puntu batzuk benetan zailak dira», adierazi du zinegotziak.

Guztia ezin daiteke aurreikusi, eta hala, lanak martxan jartzean ere datorrenari aitzin egiteko prest egonen direla argi dute Udalean: «Hain denbora luzez moldatu gabe egon den karrika batean gerta daiteke aitzinetik ikusi ezin diren gauza batzuk agertzea. Martxan jartzean ikusiko dugu zein arazo sortzen diren, eta beti gainean egonen gara», azaldu du Estebanek.

Azaldu gisan, epeak ere martxaren arabera zehatuko dituzte, baina argi dutena da 2026ko urrirako bukatuko direla lanak: «Obra honek laguntza handia du Nafar Gobernutik, ia erdia baino gehiago finantzatzen baita bertatik. Honek erran nahi du subentzioak justifikatzeko azaroa denez azken hilabetea, 2026ko urrirako bukatu behar direla lanak. Eta horrek, guretzat bederen, lasaitasun bat ematen du».

Bukatzeko, zinegotziak azken mezu bat eman nahi izan du: «Pentsatzen dugu, honekin, herriak irabaziko duela. Aldaketa gehienak ikusten ez direnak izanen dira, baina kanpotik ere anitz aldatuko da, adibidez, gaur egun ez ditugun espaloi batzuk jarriko baitira. Bertze karrika bat ikusiko dugu, bertze egoera batean. Pazientzia behar da, eta guztiok gure aldetik ahalegina egin beharko dugu gauzak ongi joan daitezen».