“Izokina Bidasoan gora eta Bera” zikloa hasiko dute bihar Beran

Ekhiñe Zapiain 2025eko urriaren 16a

Berako herrian famatua da bertako izokina, eta haren oihartzuna herritik kanpo ere zabaldu da. Herriak arrain espezie honekin duen loturaren nondik norakoak ezagutzeko ziklo bat antolatu dute, urriaren 17tik 25era. Mahaingurua, erakusketa, tailerra, bisita gidatuak edota ibilbide proposamenak izanen dituzte bertan. 

Nekez ezagutu daiteke Berako herria Bidasoa ibaiari erreparatu gabe; eta aldi berean, nekez ariko gara Bidasoari buruz solasean ez badugu izokina aipatzen. Urtez-urte Bidasoako izokia ibaiko “izar” bilakatu dute herritarrek, eta horren gibelean dagoena mahai gainean jarri nahi izan dute Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordeak. Izokina Bidasoan gora eta Bera zikloa antolatu dute, Berako herriak arrain espezie honekin duen loturan arakatzeko asmoz.

Nonahi ezagun da Bidasoko izokina. Bidasoa ibaian bizi den izokin atlantikoa da (Salmon salar). Normalki, Groenlandia eta Ipar Antlantikoko mendebaldeko kostaldean egiten du bere itsas bizia, berriz sorterrira, Bidasoa ibaira, errutera itzuli aitzin. Bertako ekosistemak berebiziko garrantzia du izokinarentzat.

Izokin ugaritasun historikoa klabea izan da herrian hartu duen faman. Izan ere, denboraldi bakar batean 1.000 ale inguru arrantzatzen ziren, baina urruti gelditu dira garai horiek. Bidasoko izokinaren populazioa egoera kritikoan dago azken urteotan, guti baitira ibaian goiti egiten dutenak.

Gai horri heltzeko, hainbat hitzordu antolatu dituzte Beran Izokina Bidasoan gora eta Bera zikloaren barnean:

  • Urriaren 17

    • 11:00: Berako Lagun Handiak elkartean Uraren memoriak izeneko tailerra eginen dute, norbere iruditeria abiapuntu hartuta. Herritar denei irekitako jardunaldia izanen da.

    • 17:00: Berako Kultur Etxean mahaingurua antolatu dute arrantzaleekin. Juantxo Otamendi, Jose Mari Mitxelena, Javier Balda, Martin Apezetxea, Joxi Iratzoki eta Joseba Martikorena ariko dira solasean, Ekhiñe Zapiain moderatzaile dutela.

    • 18:45: Izokinari buruzko erakusketa inauguratuko dute Kultur Etxeko Erakusketa Gelan.

  • Urriaren 24

    • Ikastetxeetako ikasleek Mugairiko Nasara eta arrain haztegira bisita gidatuak eginen dituzte.

    • 17:00: El salmón del Bidasoa, una especie a conservar hitzaldia eginen dute Kultur Etxean.

    • 18:00: Bidasoko izokinari buruzko ahozko memoriaren aurkezpena eginen dute.

    • 19:30etatik 21:00etara, herriko ostatuetan izokin pintxoen dastaketa izanen da Maitagarria txarangak alaituta

  • Urriaren 25

    • 10:00: Montoia eta Endarlatsa arteko arrantza tartean oinezko ibilbidea eginen dute arrantzaleen azalpenekin.

    • 12:00: Bera kantari eta gonbidatuak ariko dira Kanttonberrin.

    • 13:00: Berako artistek egindako Bidasoko Izokina arte lanaren aurkezpena izanen da