toponimia

Jon Abril: «Etxeen izenak ezagutzea bada gure herria eta gure historia ezagutzeko manera bat»

Ekhiñe Zapiain 2025eko azaroaren 5a

Berako 160 baserriren izenak ezagutaraziko ditu herriko Mugerri elkarteak, jabeen oniritziarekin etxeko atarietan bertako izena daramaten plakak ezarriko baituzte. Horrez gain, Pello Iratzoki Errandoneak egindako bilketa eta marrazkiak oinarritzat hartuta, auzoetan bederatzi panel ezarriko dituzte baserrien irudiak, sortze-urteak eta izenak biltzeko. Jon Abril Mugerri elkarteko kideak azaldu digu tokiko toponimiari  «garrantzia gehiago» eman beharko geniokela. 

 

2013. urtean eratu zen Beran Mugerri elkartea, herriko ondarea berreskuratzeko xedez. Tartean, San Migel zubiko baitailaren bigarren mendeurrenean zubia auzolanean zaharberritu zuten, baita horren bueltako hainbat kultur ekitaldi antolatu ere. Julio Caro Barojaren mendeurrenean edota Isidoro Fagoagaren harira ere aritu dira lanean, eta iaz, Intzola, pasoko bidea liburua argitaratu zuten.

Jon Abril taldekidea gonbidatu dugu gurera, eta elkarteari buruz hasi gara solasean lehenbizi: «Ikusi genuen baginela talde bat lanerako gogoz ginena, eta herriko kultura eta ondarea ezagutzera eman nahi genuena. Horren haritik sortu zen taldea, eta azken urteetan urtero proiektu bat landu dugu», azaldu du. 

Herriguneko etxeak eta baserriak ezagutarazten

Iaz, Berako topomonimia jarri zuen jardunaren erdigunean Mugerri elkarteak. Hain zuzen, herriko 160 etxeetan euren izena zeraman plaka bana paratu zuten, eta aurten, bertze hainbertze eginen dute baserriekin: Berako 160 baserrietan izenak paratuko dituzte. 

Joan den urteko metodologia bera erabiliko dute horretarako, eta herritar batek egindako bilketa lana aprobetxatuko dute: «Pello Iratzoki Errandoneak herriko etxe gehienen marrazkiak egin zituen, eta guk lan horri jarraipena eman eta zabalkunde lana egin dugu», erran digu Abrilek. 

Hala, jabeen oniritziarekin herriko 160 baserrietan izenak paratuko dituzte plaketan. Gainera, auzo sarreran, bertako baserrien izenak, sortze-urteak eta marrazkiak biltzen dituzten panelak ere ezarriko dituzte. Zehazki, auzo hauetan eginen dute hori: Alkaiaga, Dornaku, Eltzaurdia, Garaitarreta, Kaule, Suspela, Suspelttiki, Zalain Zoko eta Zia.

Izena eta bere gibelean dagoena irakurtzen

Abrilek azaldu du uste baino informazio gehiago eskaintzen digula topominiak, eta maiz, ez diogula duen garrantzia ematen: «Historikoki, etxeen izenek informazio anitz eman izan digute. Etxearen jabea nor zen, nork eraiki zuen, edo lekuarekin zein lotura duen, adibidez. Beran, auzo gehienetan dago auzoari berari izena ematen dion baserriren bat, eta horrek erakusten digu etxe horrek zein botere edo zein indar zuen auzo horretan. Anitzetan, herriko pertsonak ere baserriaren izenarengatik ezagutu izan ditugu, edo goitizen moduan etxearen izena paratu izan zaie», erran digu.

Alabaina, nabaria da horretan ere beheranzko joera dagoela azken urteotan: «Joera hori anitz galtzen ari da. Azken mende erdian gehiago gara pisuetan bizi garenak baserrietan bizi direnak baino. Aldaketa sozialak, bertzelako aldaketak, globalizazioa… ikusten genuen bazegoela ondare ikaragarri bat galtzen ari zena», adierazi du. 

Hala, baserrien izenak ezagutaraztea erabaki dute: «Polita da etxeak izendatzea, eta hau modu bat da pixkanaka ezagutu dezagun. Ezagutzen ez denari ez zaio baliorik ematen, eta modu honetan, ez da horretarako aitzakiarik egonen», dio Abrilek.

Toponimiak gauza anitz kontatzen dizkigu, batzuetan, hitz bakar baten gibelean kontu ugari gordetzen direlako: «Izenak ezagutzea bada gure herria eta gure historia ezagutzeko manera bat. Batzuetan izenak asmatu egiten ditugu, berez, jatorrizko izen bat badaukatenean».