death cafe

Miriam Mendoza: «Heriotza bizitza da, eta hori nahi dugu aldarrikatu: bizitzak heriotza dakarrela»

Ekhiñe Zapiain 2025eko azaroaren 6a

Heldu den larunbatean (azaroak 8) Death cafe saioa eginen dute Berako Beralandetan, arratsaldeko 18:00etan. Miriam Mendoza Etxabe izanen da saioko gidaria, eta gurean izan dugu landuko dutenari buruz solasean. Heriotzari buruz errespetuz hitz egiteko espazio seguru bat sortu nahi dute.

2011. urtean Ingalaterran zabaltzen hasi eta Euskal Herrira ere ailegatu da death cafe saioen fenomenoa. Kafe beroaren bueltan, minak eta bihotzak goxatzeko aukera eskaintzen da saio hauetan, xede argi batekin: heriotzari buruz solas egitea. Izan ere, azken urteotan gizarteratzen ari den arren oraindik ere tabua da heriotza, eta maiz, erreparoz eta beldurrez begiratzen dugu eta isiltzea erabakitzen dugu. 

Hori aldatzeko lanean ari da Miriam Mendoza Etxabe. Larunbatean eginen den saioko gidaria izanen da, eta gurean izan dugu azalpenak ematen. Mendozak, orain dela urte batzuk egin zuen gaian formatzen hasteko eta heriotzari buruz lanketa abiatzeko hautua: «Heriotzaren, doluaren, edo izan nituen galeren inguruan hausnartzeko gogoa sartu zitzaidan. Formakuntzak egiten hasi nintzen, eta gure herrian (Zarautz) dagoen elkarte batek luzatu zidan lanean hasteko gonbita. Hor hasi nintzen heriotzaz eta doluaz modu naturalean hitz egiten», azaldu du. 

Barrenak hustutzeko merienda bat

Mendozak gidatuko du larunbatean eginen den death cafe saioa. Horrelako saio batean egiten denaz galdegitean sinplea bezain premiazkoa den zerbait dela azpimarratu du: «Mahainguru eder bat da; foro seguru bat heriotzaz konfidentzialtasunez hitz egiteko. Nola hil nahi dugu? Zer egin heriotza baten aurrean? Horrelakoetan pasatzen zaigu ez dakigula norekin hitz egin, momentuak garrantzitsuak baitira eta guztiok ez baikara momentu berean egoten hitz egin ahal izateko. Eta death cafe hauek horretara bideratzen gaituzte: hor dagoen lagun talde hori horri buruz hitz egitera goaz bertara», azaldu du. 

Merienda baten bueltan barrenak hustutzea da asmoa, bertzerik gabe, sentitutakoa partekatzeko espazio bat sortzen baita: «Ez da terapia egiteko talde bat, eta ez da inor konbentzitzeko talde bat. Partekatzea da kontua; errespetuz partekatzea. Goxo-goxo tertulia bat egin nahi genuke, galtzen ari diren sutondoko tertulia horiek berreskuratuz», erran digu. 

Oraina bizi, solas egin eta aditu

Mendozak ez du uste formula magikorik existitzen denik tabua den gai bat bapatean hala ez izateko, baina argi ditu eraldaketarako eman beharreko pausu batzuk: «Heriotza ondoan daukagun zerbait da, eta hitz egin behar da nahitaez. Lasai hitz egin behar da, kezka eta urduritasunak modu naturalean hartuz». 

Aldi berean, Mendozak dio presaka bizi den gizarte batean garrantzia handia duela lanketa horretan orainaldian zentratu eta hortik hasteak: «Nik uste dut oso azkar bizi garela. Orainean pentsatu gabe biharkoan pentsatzen ari gara. Bizitza beste patxada batekin hartu behar dugu. Heriotza urruti ikusten dugu, eta hurbiltzean sartzen zaigu hitz egiten hasteko gogoa. Guk heriotzaren pedagogia umetatik egin nahi dugu, eta horretan bizitza osoko ibilbide eder bat egin», azaldu du. 

Beraz, horretarako aukera izanen da Beran larunbatean eginen duten hitzorduan. Gaiari buruz solas egiteko espazio seguru bat sortu nahi lukete, eta hargatik, edukiera mugatua izatea erabaki dute. Lehenagotik izena eman behar da 0034 650 40 79 78 telefono zenbakian. 

Mendozak nahi duen oro animatzen du bertaratzera «mahainguruko tertulian kafearekin goxatu eta bizitza gozatzeko».