Berako Udalak argitara eman duenez, Nafarroako kontratazio atarian jada argitaratu dute lizitazioaren iragarkia. Hamabortz eguneko epea ireki dute Altzateko hiri saihesbidearen lehendabiziko faseko exekuzio proiektuak aurkezteko, eta heldu den asteetan eskaintzek aurkeztekotan aitzinera pausuak emanen dituztela adierazi dute ohar bidez: «Lehiaketa irabazten duen enpresa kontratatzea onartuko du osoko bilkurak, eta kontratua abenduaren 31 baino lehen sinatuko da obrak hasi ahal izateko», adierazi du Berako Udalak.
Gehienez ere sei hilabeteko epean egin beharko dira lanak, eta beraz, heldu den urteko ekaina bukatu baino lehen bukatuak egon beharko dute.
Gibelatutako asmoa
Berako Udalak obra hau udazken honetarako bukatua egoteko asmoa zuen, baina oztopo-burokratikoek ez dute hori gertatzea posible egin: «Kontratua ebazteko eta saihesbideko obrak egiteko, Nafarroako Gobernuak sinatu beharko du obra hori egiteko emandako 300.000 euroko dirulaguntza izenduna esleitzeko hitzarmena. Hitzarmen hau martxorako sinatu behar zen, obrak aurtengo udazkenerako buka zitezen, baina prozesua zailtasun burokratikoz beteta egon da Nafarroako Gobernuan, eta hori ezinezkoa izan da. Azkenik, EHBilduren ekimenez, Nafarroako Parlamentuan lortu zen urrian arazoa gainditzea, eta orain Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kontuhartzailetza Zerbitzuaren oniritzia baino ez da falta proiektuaren finantzaketa bermatuko duen hitzarmen hori sinatzeko», adierazi dute.
Bukatzeko, zabaldutako oharrean gehitu dute espero dutela «proiektu hau gehiago atzeratuko duen ezustekorik ez gertatzea, Udalarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik 2023tik gertatu den bezala».