Biodibertsitatean, ekonomian eta osasunean duten eragin negatiboagatik, espezie exotiko inbaditzaileak kudeatzeko eta ezabatzeko lanean ari da Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentua. Horren baitan, solasaldia eskainiko dute bihar (azaroak 20) Beran. Beralandetan jarri dute hitzordua, arratsaldeko 18:00etan.
Berako udalerrian arazo bihurtu diren eta biodibertsitatearentzat eraldatzaile kontsideratzen diren bederatzi espezie identifikatu dituzte, eta horiei buruz hausnarrean eta solasean aritzea da proposamena. Antolatzaileek azpimarratu dute ezinbertzekoa dela herritarrek gaiari buruzko ardura hartzea, «administrazioak eta herritarrak funtsezko eragileak direlako espezie exotikoen kudeaketan».
Horretarako, biharko solasaldia baliatzea da asmoa, eta horren baitan antolatu dute jardunaldia: «Gaur egungo egoerara nola iritsi garen eta horrek dakartzan arazoak azaltzeaz gain, espezie inbaditzaileen aurka borrokatzeko jarraibideak azalduko zaizkie bertaratutakoei, bai komunitate gisa, bai maila partikularrean, gure ekosistemak eta tokiko biodibertsitatea babesteko», azaldu dute zabaldu duten oharrean.
«Bizilagunak bertaratzera eta aktiboki parte hartzera» animatu dituzte, eta gehitu dute «galderak eta egin nahi den bertze edozein ekarpen ongi etorria» izanen dela.