Jolasaren bitartez euskarari lotzeko ekimena antolatu du biharko eta etzirako (azaroak 27 eta 28) Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Bi egunez, Berako Kultur Etxeko erakusketa gela euskarazko jostailuz beteko dute. Hain zuzen, 100 inguru bilduko dituzte, mota guztietakoak: jolas sinbolikoak, kooperatiboak, arau jolasak, logika jolasak, lehen jolasak, betiko jolasak edota hizkuntza lantzeko jolasak. Jostailu berrienak eta urte dezente dituztenak nahasiko dituzte.
Hizkuntzarekin mila modutan jolastu daiteke, eta aukera hori baliatu eta «etxeko giroan euskararen transmisio egokia» sustatzeko eginen dute aipatutako erakusketa. Hala adierazi du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak: «Jolasaren oinarrian hizkuntza dago, kasu honetan, euskara. Seme-alabekin jolastean euskara bitarteko eta helburu bihurtzen dugu. Familiartean jolasten sortzen den giroa berezia da, eta horregatik garrantzitsua da jolas eta jostailu egokiak izatea», adierazi dute.
Hala, xede bikoitzez, familiartean jolastearen garrantziaz jabetu eta horretarako erabilitako baliabideez hausnartzeko hitzordua eginen dute Beran.