Hiru zeuden lekuan lau daude orain. Nerea Sorondo Maritorena aizkolari beratarrak bere laugarren Euskal Herriko txapela eskuratu zuen joan den urrian Elgoibarren, emakumezkoen Euskal Herriko VII. Aizkolari Txapelketan. Lehenagotik hiru aldiz izan zen txapeldun, 2018an, 2019an eta 2021ean. Azken hiru urteetan baina, txapeldunorde gelditua zen, eta aurten irabazita pozik dago: «Lan egitera joan nintzen, presio handirik gabe, eta ongi atera zait» azaldu digu.
20 minutu eta 16 segundu behar izan zituen Sorondok 36 ontzako, 45 ontzako eta 54 ontzako bina enbor mozteko. Azken urteetako txapelduna, Nerea Arruti, bigarren postuan gelditu zen 18 segundu gehiagorekin (20.34), eta haren ondotik gainontzeko aizkolariak: Laiene Pikabea (22.08), Uxue Ansorregi (23.27), Karmele Gisasola (23.53) eta Irati Astondoa (24.15). Ez zioten lan erreza jarri beratarrari: «Urduritasun handiarekin joaten naiz normalean, eta sufritu nuen. Baina nire buruari gogor egin nion, eta lanean aitzinera segitu nuen horretan lortu nuen irabaztea. Bertzeak ere hurbildu zitzaizkidan, eta momentu batean txapela arriskuan ere ikusi nuen», kontatzen du.
Ederki ezagutzen zuten elkar lehian ari ziren aizkolariek; izan ere, bertze txapelketetan ere aritzen dira bata bertzearen aurka: «Horregatik ere hartu nuen sorpresa, ezta? Neska hauek guztiak hagitz indartsuak dira. Azkeneko urteetan eta udaran ere bai, egurra eman izan didate. Honetan, nik ere hobetu dut, eta posible izan dut kontrako lana egin».
Aizkora eta burua, zorrotz
Eskuratutako txapela «lanaren emaitza» izan dela aitortu du Sorondok: «Gehixeago saiatu naiz. Lau-bortz gauza kontuan hartu eta sinetsi egin dudanean, lan hobea egin dut», erran du.
Urte dezente daramatza aizkorarekin lanean, nahiz eta hasieran, jolasean hasi: «Ni aizkoran jolas bat balitz bezela hasi nintzen. Donato [Larretxea] eta hauekin, aizkorarekin jostetan aritzen ginen ikusgarritasuna emateko. Eta geroztik, pozak eta tristurak, denetik eman dit aizkorak», gogoratu du.
Herri kirolen mundura, hala ere, trontzaren eskutik ailegatu zen beratarra: «Duela 17 urte hasi ginen trontzan, eta orduan jada, serio samar prestatzen ginen. Parrandak utzi, gorputza zaindu… teknika hobetu nahi genuen. Nire bikotea haurdun gelditu zen eta orduan utzi genuen. Orduan, aizkoran ibiltzea pentsatu nuen, baina oraindik ez genuen emakumeentzat txapelketarik».
Aizkora bezain zorrotz eduki behar da burua leihaketetan aritzeko, eta nabari da horrela landu duela Sorondok: «Aizkora kirol zaila, garestia eta berezia da. Oso teknikoa da, eta laguntza behar da beti. Niri erakutsi egin didate aizkora bat eskuan nola hartu. Hobetzeko, orduak sartu behar dira, eta txapela da saiatu izanaren saria».
Zirrikituak ireki, bidea egiteko
2017an egin zen lehendabiziko aldiz emakuzmekoen Euskal Herriko Aizkora Txapelketa. Sorondok ongi gogoratzen du: «Txapelketa jarri zutenean, pentsatu nuen zerbait polita egin behar genuela. Bide hori ireki, eta hor gelditzeko. Txapelketa antolatu zutenean, gu geu ere ez ginen gai ikusten lan txukun bat egiteko, ez genuen eredurik. Ereduak baldin badaude, neska-mutilek aukerak ikusten dituzte horretan saiatzeko», azaldu du.
Izan ere, berak ere nabari du azken urteetan aldaketak ematen ari direla, baina oraindik ere pausu aunitz daudela emateko: «Nik beti erraten dut neskak faltatzen zaizkidala aizkoran. Nik aizkora, ilusio handiarekin bizi dut, eta nahiko nuke hemendik urte batzuetara emakumeen aizkora eskola bat, edo horrelako zerbait egonen balitz», dio.
Hala ere, zirrikituak ireki eta ari dira poliki-poliki bidea egiten: «Guk, neska kuadrila polita lortu dugu. Ez baduzu neskarik ikusten, ez zara inoiz saiatuko, eta lan bikoitza egin behar duzu». Berak argi du aizkora pasioz bizi duela, eta horretan segitu nahiko luke: «Nik aizkora maite dut, eta segituko dut. Emakumezkoen aizkorak denetik behar du; batzuk irabazteko, bertze batzuk egon behar dira atzetik. Eta osasunak segitzen didan bitartean, nik aizkoran segituko dut», erran digu.
Hurrengo hitzordua, San Tomas egunean du Sorondok. Urrezko kopa jokatuko da Donostian.