Berako Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolak gabon kontzertua eskainiko du gaur, Uxaneren alde

Ekhiñe Zapiain 2025eko abenduaren 17a

Gaur (abenduak 17) arratsaldeko 18:00etan izanen da Berako San Esteban elizan Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolaren eguberrietako kontzertua. Ikasturtea hasi zenetik ikasitakoa erakusteko aukera izanen dute ikasleek bertan. Aurten, burmuin elbarritasuna eta bertzelako arazoak dituzten jendeari zerbitzua eskaintzen dien Uxane zentroaren alde antolatu dute, eta bertako lagunek ere parte hartuko dute emanaldian.

Berako Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolak, zenbait kontzertu eskaintzen ditu urtean zehar. Eguberrien atarian egiten dute horietako bat, hain zuzen, gaur bertan (abenduak 17) ospatuko dutena. Berako San Esteban elizan jarri dute hitzordua arratsaldeko 18:00etan, eta musika eskolako ikasleek ikasitakoa jende aitzinean erakusteko eta musikaz gozatzeko aukera izanen da bertan.

Aurten gainera, Uxaneren alde antolatu dute emanaldia, eta bertako kideek ere parte hartuko dute kontzertuan. Uxanek hamarkada ugari daramatza Beran lanean, burmuin elbarritasuna eta bertzelako arazoak dituzten jendeari zerbitzua eskaintzen. 1977. urtean hasi ziren, lehenbizi Gipuzkoako Aspace elkartearekin, eta segidan Nafarrokoarekin. Hasieran, arazoak zituzten haur txikien heziketan aritzen ziren, eta urteak pasa ahala, okupazio zentro bilakatu zen. Egun, horretan dihardu, eta erresidentziarekin batera, bertze hainbat proiektu lantzen dituzte.

Haien alde antolatu dute Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako kideek eguberrietako kontzertua, eta azken abestia, ikasle guztiek, Uxaneko partaideek eta Berako Abesbatzako lagunek elkarrekin jo eta abestuko dute.

Errepertorio bete elkartasun

Uxane zentroarekin elkartasunez eginen dute beraz gaur Beran emanaldia. Magiaz beteriko errepertorio zabala prestatu dute ikasleek:

  • Cascanueces. Biolin taldea.
  • Haurtxoa sehaskan. Txistu taldea.
  • Nothing else matters. Gitarra taldea
  • Morroxko. Trikitixa taldea
  • El manisero. Talde instrumentala
  • Polka. Helduen taldea
  • Gau ilunak ez badu. Abesbatza
  • Deck the hall holly jolly christmas eguberri on. Musika eskolako ikasle guztiak, Berako Abesbatza eta Aspaceko partaideak.