goldatz

10 urte feminismoaren arrastoa uzten

Ekhiñe Zapiain 2025eko abenduaren 19a

Berako Goldatz talde feministak hamarkada bat bete duela ospatzeko hitzordua eginen dute larunbata honetan (abenduak 20) eguerdiko 12:00etan Berako Kataku ostatuan. Hamarkada bateko borrokak eman dizkienak elkarrekin oroitzeko besta izanen da; aperitifa eta Anariren kontzertua izanen dituzte, bertzeak bertze. Kattalin Ezkerra Sobrino taldeko kideak eman dizkigu xehetasunak.

Goldearen ikurra darama Berako Goldatz emakume talde feministaren irudiak, eta izenak ere, horri egiten dio erreferentzia. Goldeak lurra irauli eta hazia ereiteko prestatzen du, eta taldea ere horretan hasi zuen duela hamarkada bat: herria iraultzen, eta feminismoaren hazia ereiteko prestatzen. 2015. urtean neska batzuk elkartu eta poliki-poliki taldea trinkotzen joan zen. Kattalin Ezkerra Sobrino bertako kidearekin aritu gara izan direnaz eta orain direnaz solasean.

Berak ere, bota du begirada gibelera: «10 urte aise erraten da, baina gauza aunitz badira tartean. Baina, aise pasa izanaren sensazioa ere badago taldean. Zerbait egiteko gogoz elkartu ziren zenbait emakume Beran, eta Oihana Etxebarrietak gidatutako saio baten ondotik erabaki ziren oinarrizko zenbait gauza: taldeak nola funtzionatuko zuen, zein izanen zen taldearen subjektua…», azaldu du. 

Denborarekin dena aldatzen omen da, eta kasu honetan ere, hala izan dela dio Ezkerrak: «Sortu zenetik funtzionamendua aldatu da. Gaur egun batzar irekiak egiten dira zenbait gai edo daten inguruan lanketa egiteko, eta baita ikasturte hasieran eta bukaeran, planifikazioa eta balorazioa egiteko. Tartean, urte osoan zehar, talde batek aitzinera eramaten du Goldatzen jarduna».

Beran feminismoa txertatzen

Goldatzen zeregin nagusia, herria feminismotik eraldatzea izan da urte hauek guztietan. Eta egun ere, hortan dihardute: «Ildo nagusia euskal feminismoaren gaiak, hausnarketak, ikuspegiak... Beran txertatzea da. Mugimendu Feministaren agenda bateratua ere hor dago Gure kasuan, garrantzia gehien hartzen dute martxoaren 8ak eta azaroaren 25ak. Eta azken urteotan ere, joan gara bertze data batzuk lantzen. Feminismoa herrian txertatzen. Herirko bestetan, indarkeria matxistaren kontrako protokoloak lantzen ditugu, eta egitarauan ikuspegi feminista txertatzen ahalegindu», dio.

Horretan ari dira, baina ariko direla ere azpimarratu du. Aitzinera begira ere jardun ohi da Goldatz: «Aitzinera begira, egiten ari garen horretan segitu nahi dugu. Egindako azpimarratu, ikusi, eta ikusarazi», erran digu Ezkerrak.

Horretarako aukera izanen dute, larunbata honetan (abenduak 20) Berako Kataku ostatuan: «Hamar urte hauetan egindako jarduera ezberdinen argazki erakusketa egin dugu. Irri egiteko eta egindakoa oroitzeko parada izanen da. Anarik kontzertua eskainiko du, eta tribial feminista bat prestatu dugu jostatzeko gogoa duenak parte hartzeko». 

Feminismoarekin loturaren bat duen oro gonbidatzen dute parte hartzera.