Berako Udalak azaroan erabaki zuen Eztegaratik Matzadarako saihesbidearen lehendabiziko fasearen exekuzio proiektua leihaketara ateratzea. Sastrako errekastoaren gainean zubia eraikiko dute, eta abenduaren 16an onartu zuten Sasoi Eraikuntzak SL enpresa kontratazea hori egiteko, hura izan baitzen lehiaketara aurkeztu zen bakarra.
Abenduaren 22an ekin zien Sasoi Eraikuntzak SL enpresak Berako Sastrako errekastoaren gainean zubia eraikitzeko obra-lanei. Zubi honen bidez, Eztegaratik Matzadara igaroko den saihesbidea eginen dute. Horrela, Matzada karrikako adar itsutik, Kiroldegiaren eta Toki Ona institutuaren gibelean, obragunerako sarbidea egokitu dute.
Eguberrien ostean segituko dute lanekin, urtarrilaren 7tik aitzinera.
Aurreikuspena, irailera arte
Berako Udalak eginen diren lanei buruzko xehetasunen oharra zabaldu du. Bertan azaltzen dute, baliabideak optimizatzeko eta ingurueman (eta paisaia) inpaktua murrizteko zenbait alderdi teknikotan aldatuko dela proiektua: «Obra Zuzendaritza, Monkaval enpresaren kontura, Sasoi eta Berako Udalarekin batera, obretan zehar garatuko diren aldaketa horietan lanean ari da. Bertzeak bertze, obrako lur-betelanetarako, inguruko zonaldetan egiten ari diren obretatik lortzen diren materialak berrerabiltzea planteatzen da, karbono-aztarna minimizatzeko», azaldu dute.
Plantemanedu honek, lanak irailera arte luzatzea dakar: «Honek lanen aurrerapena material horien eskuragarritasunaren baldintzapean jartzen du, eta, beraz, gauzatzeko epea irailera arte luzatzea planteatzen da, obra udarako bukatzea espero bada ere. Obra horrekin batera, udalak inguruko oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko lan osagarriak egitea eta zubi berria zeharkatu bezain laster aparkaleku-espazio berri bat sortzea planteatzen du».
Obrak iraun bitartean, erabilera publikorako itxi eginen dute Kiroldegi gibelaldeko Matzada karrikako zati itsua, egin beharreko lanen sarbidea izanen delako.