‘Familia arrunt bat, besterik ez’ ipuina kontatuko dute bihar Beran

Ekhiñe Zapiain 2026ko urtarrilaren 14a

Ez da Berako liburutegian eskeiniko duten lehendabiziko ipuin kontaketa saioa, eta ziurrenik, ez da azkena izanen. Itsaso Etxeberriak ‘Familia arrunt bat, besterik ez” ipuina kontatuko du bihar (urtarrilaren 15), arratsaldeko 18:00ean.

Zaintzaz, ihesaz eta memoriaren indarraz solastatzen da ‘Familia arrunt bat besterik ez” ipuina. Boterearen injustiziak familia bat mugitzera behartzen duenean, sustraiak askatu eta bertze lur batean berriro ereiten nola ikasten den kontatzen du. Horretarako, Euskal Herritik Indiara, eta handik berriz ere etxera eginen du istorioak. Belaunaldiz-belaunaldi, aitonaren ogi-usainak, haur baten marrazkiek edota eguneroko zaintza txikiek josiko dute narrazioaren haria.

Itsaso Etxeberriaren lana da, eta bihar, Beran izanen da sorturiko lana haurrei irakurtzen. Berako liburutegian jarri dute hitzordua, arratsaldeko 18:00ean. «Memoria istorio honek, hitz xumeen eta keinu txikien bidez norberaren ahotsa aurkitzeko bidea ireki dadin» lagunduko duela adierazi dute. Hala gehitu dute aurkezpen-afitxan: «Familia arrunt bat da, besterik ez. Baina bere istorioa entzutean, denok gurea pixka bat aurkitzen dugu».