2026ko Herri Haitada: Maiatzaren 23an Beran

Ekhiñe Zapiain 2026ko otsailaren 9a

Sei herri mugakide bildu, elkarren artean joko batzuk egin, harremanak indartu eta euskara erdigunean jarri. Horiek dira Herri Haitada ekimenaren helburuak, eta aurten, laugarrenez eginen dute ekinaldia. Iragarri dute Beran bilduko direla maiatzaren 23an.

Zugarramurdi, Sara, Ainhoa, Etxalar, Urdazubi eta Bera dira Herri Haitada ekinaldian elkartzen diren herriak. Senidetzea, mugak gainditzea, euskara ardatz hartzea eta harremanak sendotzea dira egunaren xede nagusiak, eta 2019. urtean Ainhoan lehendabiziko aldiz bilduta, aurten, laugarrenez elkartuko dira. Data eta lekua iragarri dituzte dagoeneko: Beran izanen da 2026ko Herri Haitada, maiatzaren 23an.

Egunean zehar 12 proba egin beharko ditu herri bakoitzak: boteluze, bertsoak, herri kirolak (egur pila, arpana, ingude altxatzea eta sokatira), mus, txirrindula, korrika, sukaldaritza eta kultur quizz. Herri bakoitzak proba bakoitzeko ordezkari-taldea osatu beharko du.

Egun osoan zehar izanen dira probak, eta 1 eta 6 puntu artean irabazten ahalko du talde bakoitzak proba bakoitzean. Egunaren bukaeran puntu gehien biltzen dituen herriak irabaziko du Herri Haitada.

Aitzinago izen-emateen inguruan xehetasun gehiago emanen dituztela erran du talde antolatzaileak.