Berako Gure Txokoa elkartea: zuzendaritza-batzordearen bila, desagertzeko arriskuan

Ekhiñe Zapiain 2026ko otsailaren 10a

Iragan den urtarrilaren 30ean Berako Gure Txokoa elkarteko batzar orokorra ospatu zen, eta orain arteko zuzendaritza-batzordeak bere kargua uzteko asmoa adierazi zuen. Momentu honetan, ez dago ardura hori hartzeko prest agertu den hautagairik; zuzendaritza-batzorderik gabe elkarteak funtzionatu ezin duenez, desagertzeko arriskuan dago. Herriko dantza, futbol, txirrindularitza, eta atletismo taldeak biltzen ditu Gure Txokoak, baita elkarte gastronomikoa ere.

Gure Txokoa elkartearen eraikina (Iamotenea) fisikoki dago Berako erdigunean, eta bertze zentzu anitzetan ere herriko ardatza da elkartea. Azken urteetan hainbat kirol talde bildu eta kudeatu ditu (dantza, futbola, txirrindularitza, atletismoa), baita elkarte gastronomikoa martxan mantendu ere. Hala ere, bertako partaide batzuek, (Gure Txokoa Dantza Taldeak zehazki) kezka adierazi dute elkartearen egoerarekiko.

Izan ere, gaur bertan plazaratu duten oharrean dantza taldeko kideen familiak jakitun egin nahi izan dituzte egoeraz, eta adierazi dute elkarteko zuzendaritza-batzorderako bolondresik ez bada agertzen elkartea eta bertako jarduera guztiak desagertu eginen direla.

Zuzendaritza-batzordea ezin osatu

Ez da nolanahiko galera izanen. Herritar anitz biltzen dituzten taldeen desagerpena ekarriko luke Gure Txokoa elkartea desegiteak. Elkarteko parte den dantza taldeak egoeraren larritasunaz jabetu nahi izan ditu herritarrak, gertaturikoa azalduz: «Urtarrilaren 30ean ospatutako batzar orokorrean, zuzendaritza-batzordeak bere kargua uzteko asmoa adierazi zuen eta momentu honetan ez dago ardura horiek hartzeko hautagairik. Egoera honek kezka handia sortzen du. Izan ere, zuzendaritza-batzorderik gabe elkarteak ezin du funtzionatu eta horrek elkartea desagertzea ekarriko luke, baita honen bidez antolatzen diren jarduera guztiak ere».

Ardura hartzera animatu ditu herritarrak dantza taldeak: «Dantza taldeko kideok informazio hau helarazi nahi dizuegu egoeraren jakitun izan zaitezten eta norbait zuzendaritza-batzordean parte hartzeko prest egongo balitz edo horretarako interesa izan dezakeen norbait ezagutzen badu, aurrera pausua eman dezan. Ez da beharrezkoa aurretiko esperientziarik izatea, nahikoa da laguntzeko gogoa eta gure seme-alabei eta komunitateari hainbertze ematen dion elkarte hau bizirik mantentzeko konpromisoa izatea. Uste dugu denen artean irtenbide bat aurki dezakegula eta ahalegin eta dedikazio handiz eraikitako proiektu hau desagertzea saihes dezakegula».

Elkartea kinka larrian badago ere, oraindik ere azken aukera bat dagoela erran dute: «Edozein zalantza argitzeko edo interesa adierazteko, gurekin edo egungo zuzendaritza-batzordearekin harremanetan jar zaitezkete. Hurrengo bilera eta zuzendaritza-batzorde berria osatzeko azken deialdia otsailaren 27a izango da».