Berako Udalak auto elektriko bat eskuragarri jarri du herritarren erabilerarako

Paola Oskoz 2026ko martxoaren 4a

Karkarcar kooperatibarekin elkarlanean, mugikortasuna eraldatzeko asmoz, herritarrek erabiltzeko auto elektrikoa paratu du eskuragarri Berako Udalak, kooperatibako bazkide den heinean. Autoa erabiltzeko Beran erroldatua egon behar da eta kooperatibako bazkide izan. Erreserba egiteko berriz, aplikazio bat deskargatu eta bertan egin beharko da eskaera.

Berako Udalak, Karkarcar kooperatibarekin elkarlanean, auto elektriko bat jarri du eskuragarri herritarrek erabili ahal izateko. Pasa den larunbatean, otsailaren 28an, hartu zuten autoa eta kultur etxearen ondoko aparkalekuan dago, Vilaltaren zutoinean. 

Karkarcar kooperatibaren bazkide delako jarri du Berako Udalak martxan ekimen hau. Autoa herritarren erabilerarako izanen da eta horretarako, zenbait baldintza bete beharko dira. Lehenik eta behin Beran erroldatua egon beharko da erabiltzailea eta Karkarcar kooperatibako kide izan eta 60 euroko sarrera kuota ordaindu. Horrez gain, erreserbak aplikazio bitartez egin beharko dira beraz, aplikazioa ere deskargatua izan beharko du erabiltzaileak. Autoa kultur etxearen ondoko aparkalekuan hartu eta utzi beharko da, Vilalta zutoinetan kargatu ahal izateko.

Autoaren alokairu prezioari dagokionez, ordu bateko alokairuak 4 euroko prezioa du; 5-10 ordu arteko erabilerak 20 eurokoa; 10-24 ordu artean ibiltzeak 35 eurokoa eta 24-60 ordu artean ibiltzeak 60 eurokoa. 60 ordutik gora erabiltzeko erreserbatu nahi bada, 60 euroko prezioari euro bat gehitu beharko zaio ordu gehigarri bakoitzeko. 

Bazkideena izateaz gain, autoa udalarena ere bada eta, oraingoz, herriko etxeko lan orduetan erabiliko dute kotxea udal lanetarako. Bazkideek beraz, ordutegi horretatik kanpo erabili ahalko dute. 

Herritarrei informazioa guzti hau eta gehiago helarazteko, udalak bilera ireki bat eginen du heldu den martxoaren 10ean, 18:30ean, Beralandetan.