Apirilean abiatu zen Global Sumud flotilla Bartzelonatik Gazara, ehunka ekintzailerekin. Tartean, Euskal Herritarrak zeuden, baita eskualdekoak ere: Luka Remiro beratarra eta Hegoa Bengoa baztandarra. Apirilaren 29an ordea, Israelgo armadak ontziak geldiarazi eta ekintzaileak atxilotu zituen, tartean Remiro ere. Handik bi egunetara utzi zituzten libre eta amore eman ordez, dena berriz ere antolatu, eta Gazara bidean jarri ziren segidan.
Astelehen goizea berriz, maiatzaren 18an, Israelgo armada ontziak harrapatzen hasi zen berriz ere. Egun horretan bertan baztandarraren itsasontzia, Atlantic Blue, geldiarazi zuten eta atzo berriz, beratarraren Elengi. Zuzenean segitu ahal izan zuten batzuk momentua eta bideoan ikusi zen bezala, soldadu armatuak ontzi barruetara sartu ziren, zuzeneko emisio hori ere etenda. Global Sumud flotillak ohar bidez jakinarazi duenez, astelehenean bahitutako ekintzaileak "indarrez Palestina okupatutako portu batera" eramaten ari dira eta atxilotuek gose greba hasi dute.
Honen aitzinean, astelehen arratsaldean bertan elkarretaratzea egin zuten Baztanen, Elizondon, flotillari eta Hegoa bizilagunari elkartasuna adierazteko asmoz. Beran ere gauza bera eginen dute bihar, maiatzaren 21ean. Begi guztiak Palestinan! Flotilla ez da ukitzen! lelopean, Lukari eta flotillari babesa adieraziko diete, 19:00etan plazan.